Diskoko harri bitxietako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakumezko batek idatzi eta ezkutatu zituenak.
Maite Larburuk (Hernani, 1979) Krak izeneko diskoa kaleratuko du bihar. Bakarkako bigarren lana du musikariak eta “disko-mosaiko” bat dela nabarmendu du, “helburu anitzekin eta kolaborazio desberdinetarako sorturiko musika zatiz osatuta dago”. Horietako bat dugu Axut! antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatzitakoa.
Diskoa hamaika kantuz osatuta dago; Jean-Marie Ecay-k sortutako As noites da radio Lisboa kantuaren bertsioa izan ezik (Itoiz, 1983), Larburuk ondu du musika guztia.
Hainbat kanturen hitzak ere Larbururenak dira, baina bada Harkaitz Canok idatzi duenik ere; Raymond Carverren olerki bat eta Amua antzezlaneko gidoitik harturiko esaldiak batzen dituen kantu bat ere bai. Diskoko harri bitxietako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakumezko batek idatzi eta ezkutatu zituenak.
Instrumentazio aldetik, Larbururen ahots, biolin, biola, gitarra klasiko eta elektrikoaz gain, Carlos Taroncherren klarinete baxua, Karlos Aranceguiren bateria eta Garazi Navasen akordeoia izango dira entzungai.
Disko berria 2021eko maiatzean grabatu zen Haritz Harreguyren Usurbilgo estudioan eta Zart kolektiboak argitaratu du. Ainhoa Resano argazkilaria arduratu da diskoaren iruditeriaz. Diseinua, berriz, Alain Urrutiak borobildu du.
Larburuk diskoaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu Kontalariak audio-elkarrizketa honetarako.