Maite Rosende ilustratzailearen erakusketa Donostian ikusgai

Irailaren 11ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Maite Rosende artistaren (Donostia, 1991) erakusketa ikusgai egongo da irailaren 11ra arte, Aiete Kultur Etxean, Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Rosende pinturez inguratuta bizi izan da beti. Batxiler artistikoa amaitu eta Horma Pinturako gradua egin zuen Bartzelonako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolan. Ondoren, goi mailako Ilustrazio zikloa egin zuen Llotja Eskolan, Bartzelonan. Diziplina artistikotan etengabe trebatzeaz gain, diseinu grafiko, argazkigintza eta bideo edizioa ere landu ditu. Euskal Irudigileak eta Galtzagorri Elkarteetako kide ere bada.

Kartelgintzan lan ugari eginikoa da eta 2015, 2016 eta 2017an Donostiako Zinemaldiaren kartel lehiaketa irabazi zuen sail ezberdinetarako eginiko lanekin. Muralismoaren alorrean ere lan egiten du, eta 2021ean Donostiako Altza Apain kaleko arte topaketetan eta Zaragozako Asalto jaialdian parte hartu zuen.

Liburuen ilustraziogintzan aritzen da. Hain zuzen ere, Pello Añorgarekin batera Din dilin dan (Denonartean, 2022) euskal ahozko tradiziotik jasotako kantu, poema eta testuez osatutako liburua ilustratu berri du eta argitaletxe berarekin plazaratuko du 2021eko udazkenean Guruyi Jon Lorentek idatzitako komikia eta yoga lantzeko karta jokoa. Gainera, El viaje de la luz (Diquesi argitaletxea) liburuko ilustrazioak egin zituen, Puño eta Carmen Saldañarekin batera. Bere ilustrazio lanen aitortza gisa, 2021eko Iberoamerikar Ilustrazio katalogoan artista donostiarraren lana hautatu zuten.

Haur eta helduentzat ilustrazio tailerrak eman ditu Donostiako arte gune ezberdinetan, Zaldi Urdinan eta Undermounten, besteak beste; eta hainbat erakunderentzat ilustrazio eta diseinu grafikoaren alorreko lanak egin izan ditu.

Bakarkako zein taldekako erakusketak antolatu ditu, Donostiako Arteuparte Galerian eta Zaldi Urdina gunean, Tolosako Gko galerian eta Aranburu jauregian.

Rosendek kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu teknika ezberdinak erabiliz. Haurrek mundua ikusteko duten moduak inspiratzen dutenetakoa da eta, horregatik, agian, bere marrazkiak beti mugimenduan daude. Ez dio beldurrik marrazteari. Bere iritziz, marrazteko ez da “asko pentsatu behar”.  Marraztuz “ondo pasatzea” da artistaren helburua.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus eta Iñaki landa. Orain, Maite Rosenderen txanda da.

Zabaldu: