Hainbat artista sortzen eta sormenaren inguruan hausnartzen arituko dira, hamar minutuz

Marabilli jaialdiaren 5. edizioa ospatuko dute urriaren 5etik 8ra, Ondarroan

Aurten ere ekitaldi ugari antolatu dituzte Aitzol Aramaio zinegile zenduaren omenez: Antzerkia, musika, hitzaldiak edota zinea, besteak beste.

Diziplina anitzak batzen dituen jaialdia da Ondarroan ospatzen den Marabilli; hain zuzen ere, Aitzol Aramaiori bere herrian egitea bururatu zitzaiona, hil baino lehen. Zinemagile bizkaitarra 2011n zendu zen eta hari gorazarre egiteko asmoz, urtebete beranduago, dantza, antzerkia, bertsoa, zinema, artea eta musika uztartzen dituen jaialdia sortu zuten bere lagun eta senideek.

Marabilli “sormenezko jaialdia” dela diote Aramaioren lagunek, festibalerako propio sortu duten webgunean, batez ere, “hainbat alorretako jendea biltzea dibertigarriagoa” zela iruditu zitzaielako. Baina, aitortzen dute dena aitzakia bat izan zela Aramaiori eta eurei gehien gustatzen zaiena egiteko: “Manuel eta bandaren atzetik joan, buruhandien aurretik ibili eta parranda egin. Gero, biharamunarekin, sortuko dugu zerbait akaso”, diote antolatzaileek.

Urriaren 5ean emango diote hasiera lau eguneko egitarau oparoari. Goizetik iragarri dituzte ekimenak, baina hasiera ekitaldia 19:30ean izango da zinta mozketarekin. 20:00etan berriz, eguneko ekitaldi nagusia izango da: 10 minutu izeneko saioa. Hainbat artistak hartuko dute parte eta hamar minutuz sortzen eta sormenaren inguruan hausnartzen arituko dira. Ekimen horretan parte hartuko dute Leire Bilbaok, Aizpea Goenagak, Alaia Martinek, Aurori Badiolak Askoa Etxebarrietak. Gaueko 22:00etan berriz Xabi Bandini musikaria igoko da oholtzara.

Hurrengo hiru egunetan, The Baboon Show, Hazurbaltzak, Liher, De Pedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste. Lekittoko Deabruak eta Zer duzu Amy? ikuskizunak eta Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, Koldo Almandozen Oreina, Esnalen Dantza eta Oier Aranzabalen Margolaria pelikulen proiekzioa.

Egitarau osoa hemen.

Marabilli Sormen Festibalerako abestiaren bideoklipa

Piztiak + Marabilli All Stars ( Gari, Aiora Renteria, Petti, Gorka Urbizu, Nerea Sanchez)

Zabaldu: