‘Maravillas’ abestiaren zuzeneko bertsioa aurkeztu du Berri Txarrak taldeak

Taldeari buruzko dokumentala ere edizio fasean dagoela iragarri dute.

Berri Txarrak taldea geldialdi mugagabean da egun, 25 urteko ibilbidearen ondotik
merezitako atsedenaz gozatzen. Haatik, Maravillas abestiaren zuzeneko bertsioa argitaratu nahi izan dute orain, urteotan guztiotan jasotako maitasuna itzuli asmoz eta itxialdi aro gogor honetan jarraitzaileei egindako keinu gisa.

Maravillas kantuaren bertsio soilena, biluziena dugu gaur plazaratutakoa: Gorka Urbizuren gitarra eta ahotsa besterik ez, non eta Madrilgo WiZink Center-en (Palacio de los Deportes zena). Kontzertu gogoangarri hartako lagin bat erakusten digu kantu honek, zinez mugarria izan baitzen, 7.000 zaletik gora batu ziren bertan. Behe-behetik hasi eta euskara hutsean ibilbidea osatu duen rock taldea dugu Berri Txarrak.

Bertsio berria plataforma digital nagusietan zein taldearen webgunean bertan entzun/deskargatzeko moduan dago jada.

Lekunberriko taldeari buruzko dokumentala bestalde, edizio fasean dagoela iragarri dute. Hilabete batzuren buruan estreinatzeko asmoa dute, betiere pandemiaren ondorioek ahalbidetzen duten heinean.

2019ko Ikusi Arte Tour birako hainbat lekutan filmatu dute (Tokio, Mexiko, Madril, Los Angeles, Paris, Bartzelona, Donostia, Iruñea…). Lanak hainbat ertz erakusten ditu, hala nola BTX eta zaletuen arteko lotura estua, musikaren indar integratzailea, haren balio pertsonal zein
unibertsala, kantuek intimotik komunitaterako egiten duten bidea eta alderantziz, oholtzara igo aurretiko zein ondorengo une bereziak, gorenean uzteko balizko arrazoiak, etorkizuna…

Marina Lameiro nafarra aritu da zuzendari lanetan eta Arena Comunicación, Txalapart eta taldearen zigilu den Only In Dreamsen arteko elkarlanetik ikusiko du argia.

Zabaldu: