(argazkia: Irekia)

Mariasun Landa Etxebeste idazleak jaso du aurtengo Berdintasunaren Emakunde Saria

Epaimahaiaren arabera, Landa aitzindaria izan da haur-literatura modernoan, emakumeen mundua ulertzeko modu berri bat islatzen duelako. Neska eta nerabeen pertsonaia ausartak eta autonomoak eraiki ditu, sentiberak baina ausartak; mundua ikuspegi harrituarekin baina jarrera kritikoarekin begiratzen duten neskak.

Mariasun Landa Etxebeste idazleak jaso du aurtengo Berdintasunaren Emakunde Saria, neskato, nerabe eta emakumeen berdintasun eta duintasunari egindako ekarpen sortzaileagatik.

Landak literaturaren alorrean egindako lanaz gain, sarituaren ibilbide bikaina goraipatu du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. “Gaur idazle batek bere literatura ekoizpenaren bidez egindako ekarpenaz gain, emakume batek bere militantzia feministaren bidez gizarteari egindako ekarpena, euskararekiko, irakaskuntzarekiko eta beste dibulgazio-lan batzuekiko konpromisoaren bidez egindako ekarpena ere saritzen ditugu”.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak epaimahaiaren argudioak gogorarazi ditu Mariasun Landari saria emateko aho batez hartutako erabakian. “Aitzindaria izan da haur-literatura modernoan, emakumeen mundua ulertzeko modu berri bat islatzen duelako. Neska eta nerabeen pertsonaia ausartak eta autonomoak eraiki ditu, sentiberak baina ausartak; mundua ikuspegi harrituarekin baina jarrera kritikoarekin begiratzen duten neskak”.

Elgarrestak gogorarazi duenez, Landari emandako Emakunde Sariarekin, “fikziozko munduak eraikitzen dituzten sortzaileen ekarpena ere aitortu nahi da, bestelako mundu bat, berdintasunezkoagoa, irudikatzeko aukera ematen digutelako”. Beren sorkuntza-prozesua gizarte-eraldaketarako tresnatzat jo du.

Ibilbidea eta sariak

Landaren ibilbidean militantzia feminista aktiboa nabarmentzen da, 80ko hamarkadaz geroztik Donostiako Emakumeen Asanbladan, Literaturaren Didaktikako Irakasle Titular gisa egindako unibertsitate-irakasle-lanaz gain, dibulgazio-jarduera zabal bati gehitu zitzaion, gaur egungo feminismoaren historian eta genealogian funtsezkoak diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bitartez.

Idazlearen lan oparoak hainbat literatura sari jaso ditu: Haur eta Gazte Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, 2003an. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, eta 2016an, Rosalia de Castro Saria. Landa, gainera, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kidea da.

Zabaldu: