Bilbo Zaharra euskaltegiko Forum-ak Landaren omenezko hiru hitzaldi antolatu ditu. Lehena gaur izango da, eta Patxi Zubizarretak eta Juan Kruz Igerabidek parte hartuko dute.
Irakurketarako zaletasuna bultzatzeko asmoz, aurten ere Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egingo dute azaroaren 17an, Bilboko Arriaga antzokian. Hamahirugarren edizio honetarako Mariasun Landa (Errenteria, 1949) idazlearen ipuinak hautatu dituzte. Hala, Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak euskal kultura zein gizarte edo kirol arloko hainbat lagun ezagunekin batera, idazlearen obra oparoa irakurtzen arituko dira, txandaka, hamabi orduz luzatuko den etengabeko irakurraldian.
Landaren omenezko hitzaldiak
Irakurraldi Jarraituaren aurretik, baina, Bilbo Zaharra euskaltegiko Forum-ak Landaren omenezko hiru hitzaldi antolatu ditu, Txikitasunaren handitasuna literaturan izenburupean. Lehena gaur izango da, azaroak 11, eta, bertan, Patxi Zubizarretak eta Juan Kruz Igerabidek hartuko dute parte. Bihar, berriz, Ibon Egaña eta Marijose Olaziregiren txanda izango da. Forum-a azaroaren 16an amaituko da, Landak berak eskainiko duen hitzaldiarekin. Hiru hitzorduak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan izango dira, 19:00etatik aurrera. Edukiera mugatua izango da.
Euskara eta literatura batzen dituen ekimen honek hamahirugarren edizioa du aurtengoa, aurreko deialdietan liburu hauek irakurri zituzten: Axularren Gero, Juan Antonio Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 Basque, Txomin Agirreren Kresala eta Anjel Lertxundiren Otto Pette.