(argazkia: Tabakalera)

Marlene McCarty artista eta aktibistari eskainitako erakusketa paratu dute Tabakaleran

Sasi guztien gainetik erakusketak erabat agerikoa ez den hori esploratzeko gonbidapena egiten du. Tamaina handiko marrazkiak, estraktu begetalekin sortuak batzuk, eta landare biziz osatutako instalazioa daude ikusgai 2026ko otsailaren 1era arte.

Donostiako Tabakalerak Sasi guztien gainetik izeneko erakusketa zabaldu du Marlene McCarty New Yorken bizi den sortzaileari eskainiz. Artista eta aktibista feminista da McCarty, eta funtsezko ibilbidea egin du artea, politika eta ekologia uztartzen. Pieza historikoak eta ekoizpen berriak ikusi daitezke erakusketan, eta Maite Garbayo-Maeztu ikertzailea da komisarioa.

Sexualitatearen, familiaren eta kulturaren inguruko botere-dinamikak izan dira McCartyren ia berrogei urteko praktika artistikoaren gai nagusiak. Halaber, intimoa eta soziala den horren arteko tentsioak dira bere ibilbidean zehar jorratu dituen beste gaietako bat. Horren erakusgarri da McCartyk Gran Fury talde artistiko-aktibistako kide gisa egindako lana. Talde horrek diseinua eta publizitatea erabili zituen GIB/HIESaren krisiaren inguruan kontzientziatzeko eta laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan gobernuaren gelditasunaren eta homofobiaren aurka protesta egiteko.

Gorputzak, landareak eta jakintzak erresistentzia gisa

Sasi guztien gainetik erakusketak erabat agerikoa ez den hori esploratzeko gonbidapena egiten du. Tamaina handiko marrazkiak, estraktu begetalekin sortuak batzuk, eta landare biziz osatutako instalazioa daude ikusgai erakusketan. Landareak giza gorputzarekin, bereziki femeninoarekin, duten lotura historikoagatik hautatu dituzte eta modu basatian hazten dira Euskal Herrian.

Marlene McCartyren lanaren muina marrazkia da. Formatu handikoak dira, eta grafitoz, boligrafoz edo akuarelaz eginda daude. Obretan gainjarritako trazu finek ezusteko xehetasunak adierazten dituzten konposizioak sortzen dituzte, eta askotariko interpretazioak sor daitezke. Praktika horren bidez, McCartyren ikuspegiak jakin-min zientifikoa eta sentsibilitate artistikoa uztartzen ditu; marrazketa ezagutza-tresna gisa pentsatzeko modu bat.

McCartyren obrek historia, aktibismoa eta errepresentazioa uztartzen dituzte eta zenbait lanetan, primateen seriean kasu, primatologoen erreferentziak erabiltzen ditu; hala nola hil berri den Jane Goodall, Dian Fossey eta Birute Galdikasenak. Aitzindariak dira guztiak gizakien eta animalien arteko muga zalantzan jartzen. Euren metodologiak, zuzeneko behaketa etengabean eta lotura afektiboen ezarpenean oinarrituak, zientziaren arauak irauli zituen eta primateak, eta beraz, gizakia bera ulertzeko modua eraldatu zuen. Ildo horretan, HUG ME. eta HUG ME AGAIN. esplorazio horren luzapenak dira, eta espezieen arteko loturaz hausnartzeko gonbita egiten dute.

Bestetik, pieza berriagoek, hala nola Hung out to dry: (… ) edo Don’t Look Up My Skirt Unless You Mean It, DEATH (Datura Stramonium) izenekoek gorputzak, espezieak, landareak eta sinbolo kulturalak konbinatzen dituzte kolonialtasun-prozesuak, dominazio maskulinoa eta gorputzen gaineko kontrola ikusarazteko, eta, aldi berean, emakumeen antzinako jakinduriaren sinboloak berreskuratzen dituzte, historikoki isilduak izan arren, memoria eta erresistentziarako tresna gisa aktibo jarraitzen baitute.

Gaur egun, ingurumen-krisiak eta sexu- eta ugalketa-eskubideetan izandako atzerakadek markatutako garai honetan, beste ahots batzuk entzuteko beharra planteatzen du McCartyk —itzalean beren jakintzak transmititu zituzten landare, animalia edo emakumeenak—, bai eta ingurunearekin dugun harremana berriz pentsatzekoa ere.

Tabakalerak ekoitzitako Monument to an Epistemicide (Study 1) instalazioak Clara Gutierrez Arana etnobotanikoaren laguntzaz artistak hautatutako landareekin elkarbizitzeko aukera ematen du erakusketa-aretoan. Landare horiek giza gorputzarekin harreman luze eta bizia dute: sendatu, hil edo ugalketa-sistema aldatzeko ahalmena dute. Asko sorgin-ukendu zaharretan edo Erdi Aroko emaginen errezetetan ageri dira, eta belaunaldiek transmititutako ezagutza ekartzen dute gogora, sarritan historiaren kontakizun hegemonikoak isilarazia.

Zabaldu:

Utzi erantzuna