Martxoak 3 elkarteak sarraskiari buruzko abestiak bildu ditu

Lluis Llach, Gorka Knorr, Zarama, Oliba Gorriak, Betagarri eta Sociedad Alkoholikaren kantekin, besteak beste, sortu dute bilduma.

45 urte igaro dira poliziak Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda langileak hil zituenetik, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan izandako istiluetan. Sarraski hartan ehunka zauritu ere izan ziren.

Lander Garcia Martxoak 3 elkarteko kideak, 45. urteurrenarekin bat eginez, sarraskiari buruzko 22 kanta baino gehiago bildu ditu, “Euskal Herrian behintzat, gertaera politiko errepresibo zehatz baten inguruan kanta gehien egin den kasua dela uste dugu”, kontatu du Hala Bedi irratian. Bere iritziz, Martxoaren 3ko sarraskiak isla handia izan du musikan, horren adibide dira bildutako kanta guztiak.

Garciak hiru fasetan banatu ditu abestiak:

Lehenak 1976 eta 1983 urteen artean sortutakoak jasotzen ditu. Denbora tarte horretan, zazpi kanta egin ziren, azpimarratzekoa da, baina, horietako lau 1976koak direla, Lluis Llachek ,esaterako, sarraskia gertatu zen egunean bertan sortu zuen Campanades a Morts abestia, horregatik hiru hildako aipatu zituen bakarrik. Garai hartako musikariek “kronika politikoa egiten zuten, bere garaiko errealitatea musikaren bidez zabaltzen zuten”, adierazi du Garciak.

Zarama taldeak Gasteizko gauak kanta sortu zuen 1983an, lehen fase horretako azkena. Hortik aurrera eta 2001. urtera arte hutsune bat egon zela dio Garciak, “80ko eta 90eko hamarkada horietan ez zen Martxoaren 3ari buruz abestu”, garai hartako musikariek sufritzen zuten eguneroko presio horri abesten ziotelako dela uste du, “urte horietan errepresioa egon zen eta ez zen atzera begiratzen” gaurkotasunari erreparatzen zioten.

2001ean, berriz, “memoria historikoaren aldeko boom bat” egon zen Euskal Herrian eta belaunaldi berri batek iragana berrikusten hasi zen. Hala, urte horretan bigarren fase bat hasi zen, 2010era arte iraungo zuena. Denbora tarte horretan zortzi kanta sortu zituzten. “Martxoaren 3ari buruz ari garenean, ez da bakarrik sarraski bat eta inpunitatea salatzea, aldarrikapen politiko batzuk eta langile borroka aldarrikatzea da, baina, baita eredu oso bat salatzea ere, espainiar Estatuko sistema osoa”. Bilakaera bat egon zen eta hasierako sektoreez gain, beste sektore batzuk posizio horietara hurbildu eta trantsizioa fartsa bat izan zela adierazi zuten, guzti horrek “lotura zuzena izan zuen memoria historikoaren boom horrekin”.

Hortik tiraka dator hirugarren eta azken fasea, “musika bilakaera politikoaren isla da nolabait”, azken bost urteetan beste zortzi kanta sortu dira, azkena aste honetan justu. “Fase honetan, belaunaldi berriez gain, ibilbide luzea egina duten taldeak gehitu dira salaketa horretara”.

Zabaldu: