Martxoaren 25era arte egingo da IrriZiklo, euskarazko umore zikloa, Iruñean

Erradikalak ginen, Ama-alu-lur sorgin baten ametsak, 40 urte eta aldapan behera niek!, Koxkak eta Gudua izeneko antzerki obrak eta bakarrizketak taulatuko dituzte asteazkenetan, 20:00etan.

Otsailaren 26tik martxoaren 25era bitartean IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara bost saio biltzen ditu egitarauak eta denak asteazkenetan egingo dituzte, arratsaldeko 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan bertan.

Zikloari hasiera emateko, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bertsolariak taula gainera igoko dira Erradikalak ginen ikuskizuna jendaurrean aurkezteko. Obra honetan bertsoa eta bakarrizketak uztartzen dituzte, eta, “Neska gazte promesa” etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta zeharkatzen gaituzten beste hainbat gaiz kantatu eta kontatu nahi dute. “Feminismoa zeharlerrotzat hartuta eta umorez. Umorez, beraz, serio”, diote.

Martxoaren 4ean Bea Larrañaga eta Itziar Saez de Ojerren txanda izango da. Antzerkigile hauek Ama-alu-lur sorgin baten ametsak, ikuskizunarekin Espe eta Leo, bi espeleo-arkeologoen azalean sartuko dira eta harri eta zur utziko dituen Paleolito garaiko alu erraldoi bat aurkituko dute haitzulo baten barruan.

Ion Martinez Txiki aktorea berriz, martxoaren 11n ikusteko aukera izango dugu 40 urte eta aldapan behera niek! ikuskizunarekin. 40 urte bete berri ditu Txikik, eta 40 urte betetzearen kalbarioak kontatuko ditu era oso umoretsu eta bizian.

Pez Limbo konpainiak bere aldetik, bigarren aldia du umorezko ziklo honetan. Aurreko edizioan, Oxido umore garratza ikuskizuna eskaini zuen. Oraingoan berriz, Koxkak izeneko obra taularatuko du martxoaren 18an.  Agertokiak hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera eta hiru korapilo irudikatzeko balioko du. Umorez zipriztindutako hiru pieza labur eskainiko ditu Gasteizko antzerki konpainiak.

Aurtengo IrriZikloarekin amaitzeko, Asier Hernandezek eta Dorleta Urretabizkaiak Gudua izeneko ikuskizuna taularatuko dute, martxoaren 25ean. Alargun geratu berri den emakume desesperatu batek guru baten kontsultara joko du hil berri den senarrarekin nola hala harremanetan jartzeko asmoz. Baina egoera ez da berak espero duena izango, izan ere, dikzio arazo larriak dituen guru bitxi honek, arimak kanalizatzeko gaitasuna izaki, protagonistarekin konpondu gabeko kontuak dituzten arima guztiak gorpuztuko ditu ustekabeko egoera askori bide emanez.

Saio bakoitzerako sarrerak 3 euroan jarri dituzte salgai. Ziklo osorako bonua berriz, 10 euroan. Ikuskizunetako batera joan nahi dutenek Nafarroako Antzerki Eskolan bertan erosi ahal izango dituzte sarrerak.

Informazio gehiago hemen.

Zabaldu: