(argazkia: Bideografik ekoiztetxea)

Maurizia Aldeiturriaga oinarri duen ‘Aire!’ dokumentalerako diru bilketa kanpaina azken txanpan sartu da

Crowdfunding kanpaina urtarrilaren 17an amaituko da eta filma aurtengo maiatzean estreinatzea aurreikusten dute.

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile eta abeslaria du oinarri Aire! Dokumentalak. Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeko kideek adierazi dutenez, “Historiako liburuetan gizonen izenak dira nagusi. Maurizia bezalako emakume indartsu eta kementsuek egindako lana, ordea, askotan ahaztua izan da, emakume izate hutsagatik. Emakumearen askatasuna oso mugatua zen garai batean, gizonak ordezkatu zituen, Euskal Herriko plaza nagusietan kantatuz, eta Mauriziak eredu berri bat sortu zuen emakumearentzat, bere garaiko ikono bihurtuz”.

Lantaldearen helburua emakume horri merezi duen lekua ematea da, eta belaunaldi berriei Mauriziaren irudia eta lana aurkeztea, etorkizunean haientzat erreferentzia izan dadin. “Bere ondarea zabaldu nahi dugu, besteak beste, ahaztu ez dezagun”.

Dokumentala musika generokoa dela zehaztu dute, izan ere “Mauriziaren bizitzan ezinbestekoak ziren musika, panderoa, konposizioa eta letrak. Ezingo litzateke Maurizia musikarik gabe ulertu, eta ikus-entzunezko proiektu hau ezin da Mauriziarik gabe garatu. Elkarri lotuta daude, eta bien presentzia ezinbestekoa da”.

Hala, Maurizia oinarri hartuta, hainbat leku eta kulturetako gazte talde batek musika pieza bat sortuko du. “Sormen prozesu hori da gehien interesatzen zaiguna eta horixe izango da filmaren ardatza, betiere haren bizitza eta lana erreferentziatzat hartuta”, azaldu dute.

Egitasmoa aurrera eramateko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan Verkami plataformaren bidez. Jasotzen dituzten ekarpenekin filma muntatu eta postprodukzioko fasea finantzatu nahi dute. “Bidaia zoragarri honen azken txanpan sartu gara, eta 2023ko maiatzean filma estreinatu nahi badugu, azken bultzada hau behar dugu”.

Ekoizpen fasean, 25 pertsonak hartu dute parte filmazioan, protagonista gazteen, dinamizatzaileen eta lantalde teknikoaren artean; eta 15 egunez, pertsona horiek guztiak Zeberioko landetxe batean bizi izan dira elkarrekin. “Orain arteko gastu horiek gure gain hartu ditugu, baina orain prozesu luze honen azken zatiari aurre egin behar diogu eta, horretarako, zuek guztiok behar zaituztegu. Zure laguntza beharrezkoa da Aire! errealitate bihurtzek”.

Zabaldu: