Arratsaldeko 18:30ean De la retirada a la reconquista eta 20:30ean ¿Quién eres tú, Lucio? lanak proiektatuko dira. Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatutako zikloa gaurtik irailaren 4ra bitartean izango da.
Memoria duten Irudiak izeneko ikus-entzunezkoen II. Topaketa abiatuko da gaur, Iruñeko Golem Baionan. Edizio honetan, erbestea izango da erdigunean eta egitaraua Institutuak gai horren inguruan aurten antolatutako ekintzen baitan gauzatuko da.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bigarren edizio honek nazioarteko izaera izango du, eta hari gidari bera duten bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira: erbestea. Hasiera batean, apirilaren hasiera alderako programatu baziren ere, pandemiak eragindako aparteko egoeragatik, berriro programatu behar izan dira irailaren lehen aste honetarako.
Hala, topaketak gaur abiatuko dira Estatu frantsesean ekoiztutako honako bi dokumentalekin:
18:30ean, Emile Navarroren eta Aymone de Chanterac-en De la Retirada a la Reconquista eta 20:30ean Emile Navarrok eta Christophe Marsat-ek zuzendutako ¿Quién eres, Lucio?. Bigarren film honetan, zendu berri den Lucio Urtubia anarkista nafarraren azalpen biografikoa egiten da, eta hil ondorengo omenaldi gisa aurkeztu du antolakuntzak.
Bihar, irailak 2, asteazkena, 18:30ean, La herencia de mi abuela dokumentala eskainiko da eta Fernando Lopez zuzendariak ere parte hartuko du saioan. 20:30ean, berriz, Juan Francisco Urrustik zuzendutako Un exilio: película familiar proiektatuko da.
Irailaren 3an, 18:30eko saioan, Patrick Jeudy-k zuzendutako 10 días en la guerra de España dokumentala ikus ahal izango da. Bertan, Jean Moral argazkilariak eta Joseph Kessel erreportariak gerran izandako esperientzia eta lana erakutsiko dira. 20:30ean, berriz, Josu Martinezek zuzendutako Dios no me perdona lana proiektatuko dute. Zuzendariak saioan bertan hartuko du parte.
Zikloari amaiera emateko, ostiralean, hiru saio eskainiko dira. 18:30ean, Gurs, historia y memoria aurkeztuko da, Veronica Saenz zuzendaria bertan dela. 20:30eko saioan, Vicent Marieren Bartoli, el dibujo para la memoria ikusi ahal izango da, Antonio Altarribak aurkeztuko du dokumentala. Azkenik, ikus-entzunezkoen zikloari amaiera emateko, 22:30ean, Diarios del exilio eskainiko da, Irene Gutierrezek zuzendua, eta bertan Lola Ruiz Ibarruri, Dolores Ibarruri La Pasionariaren biloba, izango da. Dokumentala etxeko filmazio eta irudi mordoarekin sortu dute.
Sarrera doakoa izango da harik eta edukiera bete arte, eta gonbidapenak leihatilan jaso daitezke.