(argazkia: Mendi Urruzuno - Donostia Kultura)

Mendi Urruzuno argazkilariak ‘Hamaika emakume*, hamaika erronka’ erakusketa paratu du Donostian

Urruzunok emakumea* eta kirola gaia zeharkatzen dituen hamar gai inguru landu ditu, bakoitza Gipuzkoako kirolariren batekin lotuz. Argazkiak bikoteka antolatu ditu, erretratuak eta sormen ariketak elkartuz.

Mendi Urruzuno argazkilari errenteriarrak Hamaika emakume*, hamaika erronka izeneko erakusketa aurkeztu du gaur Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Proiektua, Intxaurrondo Berri Emakume elkarteak urtero antolatzen duen Emakumearen Astearen baitan kokatzen da eta Donostia Kultura eta Donostia Kirolarekin elkarlanean antolatu da.

Intxaurrondoko Emakume Asteak gai jakin bat izan ohi du hizpide urtero, eta aurten Kirolari begira jarri da. Izan ere, bihar, martxoak 6, publikoki irekitzen den erakusketaz gain, datozen egunotan bertso saio bat, film proiekzioa eta solasaldiak eta mahainguruak antolatu dituzte, Kultur Etxean bertan.

Urruzunok emakumea* eta kirola gaia zeharkatzen dituen hamar gai inguru landu ditu, bakoitza Gipuzkoako kirolariren batekin lotuz. Argazkiak bikoteka antolatu ditu, erretratuak eta sormen ariketak elkartuz. Bikote horietako bakoitza, Naiara Rodriguez Garayarrek gai jakin horri aipamen egiten dion testu labur batez lagunduta dator. Modu honetan, emakume* kirolariei begirada poliedrikoa bota diote, jakitun, egindako argazki eta testuez gain bigarren edota hirugarren erakusketa baterako materiala atera litekeela, gaia ertz ugari eta lanketa askoren beharrean dagoelako.

Gai hauetako batzuei heldu diote erakusketan, hala nola profesionaltasunerako zailtasunak, kirol eta erakunde egituren falta, kirol egokituan dauden zailtasun gaineratuak, LGTBI+ arloan dauden gabeziak, kirol praktika soilean sortzen diren ahizpatasun harremanak, hezkuntza mailan egin beharreko lanak, gorputz normatiboen nagusikeria, eta abar.

Erakusketan argazki-kamerarekin erretratatuak dauden emakumeak hauek dira: Amaiur Sarriegi (futbola), Nahia Zudaire (igeriketa), Beltzak emakume eta queer taldea (Errugbia), Maite Ruiz de Larramendi Mujika (pilota), Amalur Arbelaitz Arbelaitz (Herri kirola), Esther Arrojeria Arantzazistroke (Eskubaloia), Arantxa Etxebeste Etxabe, Kontxi Esnaola Castillo, Kontxi Odriozola Ayesta, Pepi Tarrega Tordesillas (Kontxako igerilariak), Ane Pablos Gutierrez, Izaro Solis Murgi,  Lucia Manzano Cabreras, Maira Cristina Talpos, Ane Escudero (Eskola Kirolako eta eskolako patioko kirolariak), Kontxi Soroa (Atletismo) eta Maika Gomez (Futbola).

 

 

 

 

 

 

 

 

Intxaurrondoko Emakumearen Astearen  programazioa:

Martxoaren 6an, Intxaurrondo Berri Emakume Elkarteko manifestuaren irakurketa

– Mendi Urruzuno argazkilariaren Hamaika emakume*, hamaika erronka erakusketaren inaugurazioa eta bisita gidatua

– Musika emanaldia: Sara Mansilla

Martxoaren 7an, Emakumea eta kirola, bertso saio berezia: Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Elixabet Pagola. Gai-jartzailea: Ainhoa Urien Telletxe

Martxoaren 10ean, Traineras, pasión por el remo. Dokumentalaren emanaldia eta mahai-ingurua, Kristina Zorita kazetariak gidatuta:

Gonbidatuak: Nadeth Agirre (Orioko patroi ohia) eta Maika Tameron (Hibaikako zuzendaritzakide eta ARC Ligako lehendakari ohi, eta egun ARC-KAEko kudeatzailea)

Martxoaren 11n, Mahaingurua, Mujer y deporte

Eva Monente kazetariak gidatuta eta hurrengo parte-hartzaileekin: Tati Garmendia, Cristina Ubani, Garbiñe Etxebarria eta Miren Martiarena.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna