Airakaren arabera, “inoiz baino soinu organikoagoa dakar taldeak: bateria, baxu eta gitarren konbinazio klasikoarekin ematen diote hasiera, eta, jarraian, leloa oldarrean sartzen da, grabeak nagusi direla”. Kantu honetan, “gorrotoaz ari zaizkigu”.
Merina Gris taldeak Ardi Latxen Herrian izeneko abesti eta bideoklip berria aurkeztu ditu, oraingoan, Cris Lizarraga Belako taldeko abeslariaren konpainiarekin.
Airaka diskoetxeak zehaztu duenez, “proiektuaren alderdirik zakarrena ezagutzera gonbidatzen gaituen kantua da aurkeztu dutena. Taldeak berak ekoitzi du pieza. Ed Is Dead-ek, berriz, nahastu eta masterizatu du. “Inoiz baino soinu organikoagoa dakarte: bateria, baxu eta gitarren konbinazio klasikoarekin ematen diote hasiera, eta jarraian leloa oldarrean sartzen da, grabeak nagusi direla. Soinu hautsi bat, eta euskaraz abesten duen Lizarragaren ahotsa, elkarri ezin hobe josirik. Hondarrean, amaiera faltsu bat, kanta itxiz Merina Grisek gogoko izan ohi duen lekuan, hau da, goian”, azaldu dute Airakako kideek. Kantu honetan, gorrotoaz ari zaizkigu, non sortzen den eta zer kalte egiten duen kontatzen dute. “Erantzukizun afektiboaz, kritika suntsitzaileez, zer esango dute? galderaz. Hodei beltzez. Guztia ikuspegi bai sozial bai lurraldekoan txertaturik, horietan bizi baititu gaiak taldeak berak”. Bideoklipa Arrigurik zuzendu du, eta 16 mm-ko zeluloidean filmatu da. Edurne Azkarate eta Jon Ander Urresti aktore lanetan aritu dira Lizarragarekin batera.