Metrokoadrokak ‘Noraeza eta bidea’ erakusketa kolektiboa antolatu du Oiartzunen

Hamaika artistaren obrak bilduko dituzte Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan, urriaren 30etik azaroaren 13ra. Artemugarri bildumako bi liburu berri ere aurkeztuko dituzte.

Hamahiru urteko ibilbidean Oiartzungo Ehuntze sormen espaziotik igaro diren artistak elkartzea erabaki du Metrokoadroka kolektiboak, 21 Aulki ekimenaren edizio berrirako. Noraeza eta bidea erakusketan, proiekturako berariaz sortutako lanak aurkeztuko dituzte Allende Arnaizek, Idoia Beratarbidek, Maria de Bernardok, Alaia Gaztelumendik, Maite Gurrutxagak, Ainara Lasak, Nagore Legarretak, Belen Morenok, Lorena Martinezek, Aitor San Romanek eta Karmele Urruzunok.

Aurtengo udaberrian, babes instituzionalaren beherakadaren ondorioz, Etena ez-erakusketa antolatu zuten: hutsik inauguratutako erakusketa bat, horman galdera bakarra zuena: “Zer da kultura zuretzat?”. Erakusketara hurbildutako jendeak galderari erantzuna emateko aukera izan zuen.

Etena ekimenak oihartzun zabala izan zuen, hala herrian bertan nola Euskal Herri osoan, erakusketa espazio gehiagotan antolatzeko proposamenak jasotzeraino. Udazkenean, berriz, izaera kolektiboa hartu du egitasmoak. Antolatzaileen hitzetan, “saretze gehiago, kolektibo gehiago, elkar laguntze gehiago, artegintzan eta kulturgintzan dabiltzanen ahotsak entzuteko ahalegin gehiago” bilatu nahi izan dute.

Irekiera ekitaldian Artemugarri bildumako bi liburu aurkeztuko dituzte. Noraeza eta bidea lan kolektiboak erakusketako artisten obrak eta Asier Sarasolaren testua jasotzen ditu. Onintza Etxebesteren Hilotzen trama liburuak, berriz, Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarteren testuak biltzen ditu.

Erakusketa urriaren 30etik azaroaren 13ra egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Egitarauan bi collage tailer ere antolatu dituzte: azaroaren 6an Belen Morenoren eskutik eta azaroaren 12an Lorena Martinezekin. Izen-ematea [email protected] helbidera idatzita edo 652701553 telefonora deituta egin daiteke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna