Kulturuneak eta EHUk elkarlanean dihardute sorkuntza arloko azken joeren zabalkundea bultzatzeko.
Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu duten hitzarmenaren barruan, Gasteizko Montehermoso kulturuneak Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Aviles eta Rocio Agudoren proiektuak aukeratu ditu EHUrekin batera egiten duen deialdian.
Etorkizunean, profesional bihurtzen direnean, lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzea da deialdiaren helburua.
2018an hasitako bideari jarraituz, aukeratutako proiektuak Jovellanos aretoan erakutsiko dira, banaka, 2021ean. Horretaz gain, 900 euro ordainduko zaio artista bakoitzari aurkezpenagatik, eta banakako katalogoa egingo zaie.
“Hautatutako proiektuak erakusketa-programan txertatuz, sortzaileen lanak ikusarazten laguntzen dugu, eta haiei lanerako plataforma eskaintzen die mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez, sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Denetara 26 proiektu jaso dituzte. Cristina Arrazola-Oñate deialdiaren komisarioak, Edurne Gonzalez Arte Ederren Fakultateko kultur zabalpenerako dekanordeak, Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Luis Maria Pascual Montehermoso Kulturuneko kideak osatzen duten hautaketa-batzordeak lau proiektu aukeratu ditu:
Miguel Alejoren Formas de aproximación
Proposamena Formas de aproximación izeneko lanetan oinarritzen da. Hurbiltzea, esperientzia estetikoan materialarekin erlazionatzeko modu gisa. Hainbat lan bideografikoren bitartez, artistak aztertu egiten ditu zoomaren ahalmenak eta esanahia; hau da, zinema-irudiaren bitartez artxibo edo espazioetara hurbiltzeko ekintza, hala nola, argazkietara eta objektu zein espazio arkitektonikoetara.
Irudiaren, narratibitatearen eta pertzepzioaren inguruko esperimentazio-eta ikerketa-prozesua da. Erreferentzia ezabatu nahi da, eta, nolabait, ikuslearen begirada eragoztea. Baina, aldi berean, gorputzaren nahi bat dago, irudia ukitzeko, eta pixelera eta irudiaren mamira iristeko nahia.
Jugatx Astorkiaren Impr pant
Proiektuak irudi digitalaren eta analogikoaren arteko hibridazioa ikertzen du, eta eraldatzeko moduari buruzko hausnarketa egiten du. Irudiaren osaera (kimikoa edo bitarra), eraldaketa (analogikoa edo digitala) eta prozesua aztertuta, artistak hainbat galdera egiten ditu: zein da irudi bakarrak izan dezakeen izaera?, zenbateraino erreproduzitu daiteke irudi berdina? zer alde dago irudi kimiko edo bitarra sortzean? nola gurutza daitezke eraldaketa-prozesu analogiko eta digitalak? … Proiektuak ideia horiek guztiak zalantzan jarri eta horietan sakontzen du.
Gaspar Avilesen Campeones del mundo
Materiala aldatzean edo bestelako aldaketaren bat egitean, beste gauza bat bihurtzen diren hainbat objektu fetitxeren arteko harremana eta elkarrizketa proposatzen du. Hau da, aldaketa horien bitartez lehen bezala funtzionatzeari uzten diote, eta beste entitate bat hartzen dutenen artekoa. Gorputzaren neurrira eginda egoteaz eta beste elementu batzuekin elkartuz gero autonomia lortu eta beste gauza bat bilakatzeaz hitz egiten du.
Rocio Agudoren Stay Focused
Ikus-entzunezko sorkuntza proiektu honetan, artistak errepresentazioarekiko duen jakinmina askatzen du: zerk garamatza fikzioa sortzera? zein da errealitatearekin duen lotura? nola errepresentatzen du pertsonak bere burua? Egileak ikus-entzunezko lengoaia hegemonikoa birplanteatzen du, eta hausnartu egiten du kameraz, subjektu gisa, eta nork bere burua eta bete pertsona batzuk grabatzeko prozesuaz.