Bertsoa eta zirkua elkartuko ditu ‘Gure Bertso Zirkua’ ikuskizunak abenduaren 11n, Tolosan

Bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek ahozko inprobisazioa eta zirkuko diziplina desberdinak uztartuko dituzte. Bi emanaldi izango dira: goizean haur eta gaztetxoentzat, eta arratsaldean helduentzat.

Bertsoa eta Zirkua uztartuko dituen saio berezia antolatu dute elkarlanean Harituz Bertsozale Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak. “Plaza biziberritzeko egiten ari garen apustuaren parte da ikuskizuna”, azaldu dute.

Ikuskizuna publiko desberdinari bideratutako bi emanaldiz osatuta egongo da, eta ahozko inprobisazioa eta zirkuko diziplina desberdinak uztartuko dituzte zuzenean bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek. Abenduaren 11n izango dira emanaldiak, Tolosako San Esteban auzoan kokatutako Gure Zirkuko karpan.

Goizean haurrei eta gaztetxoenei zuzendutako ikuskizuna eskainiko dute Gure Zirkuko kideek eta Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariek. Haur eta gaztetxoentzat bideratutako saioa izango da, bai gaiak eta bai emanaldiaren iraupena haietara egokituko baitira. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte eta Imanol Artola arituko dira.12:00etan izango da goizeko saioa.

Arratsaldean, berriz, helduei zuzendutako emanaldiaren txanda izango da. Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto arituko dira kantuan, Gure Zirkuko artistekin batera. Arratsaldean ere Iker Iriarte eta Imanol Artola arduratuko dira bertsolariei nahiz zirkuko artistei gaiak jarri, eta bertsoak eta zirkua uztartzeko bideratze lana egiteaz. Arratsaldeko saioa 18:00etan hasiko da.

Sarrerak azaroaren 27an salgai

Bi emanaldietarako sarrerak modu presentzialean soilik eskuratu ahal izango dira. Azaroaren 27an jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean. Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa izango dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, Galtzaundikideek deskontua izango dute arratsaldeko saiorako sarreretan.

Informazio gehiago www.galtzaundi.eus webgunean.

Zabaldu: