(argazkia: Donostia Kultura)

Mikel Otxotekoren ‘Hemen dragoiak daude’ erakusketarekin emango diote hasiera Artea abian proiektuaren edizio berriari

Erakusketa Donostiako San Telmo Museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da 2024ko urtarrilaren 7ra, doako sarrerarekin.

Aurten laugarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua eta Mikel Otxoteko donostiarra da aurten parte hartzen ari den artista eta ikerlaria, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak eta Kimia Kamvarik bere lanak aurkeztu ondoren. Kutxa Fundazioak eta Donostiako San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari protagonismoa ematea du helburu, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Hala,  Otxotekoren lana ikusteko aukera izango dugu aurten Hemen dragoiak daude izeneko erakusketan.

Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoa biltzen dituen ikerketa artistikoa da honakoa eta St.Pierre et Miquelonen erabakigarriak izan diren faktoreak aztertzen ditu.

Otxotekoren arabera, “Hic sunt dracones (Hemen dragoiak daude) antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamoldea da. Honekin, ezezaguna den orok dituen arriskuez ohartarazten zituzten nabigatzaileak. Hala, mapetan, Ternua, ofizialki oraindik ere herensuge ezkatadun bat bezala agertzen zen”.

Hala ere, ur hotz eta urrun haietan euskaldunek bakailaoa harrapatzen zuten eta sasoi  baterako kokaleku txikiak ezartzen zituzten XVI. mendearen amaieratik; Saint-Pierre et Miquelon uharteetakoa kasu. Era berean, bakailao gazitua elikagai nagusia izan zen hurrengo mendeetan Karibeko azukre-kanabera plantazioetan aritzen ziren milaka langile esklaboentzat, bereziki Puerto Ricon.

Gaur egun Estatu frantseseko itsasoz bestaldeko lurraldea den St. Pierre portua, hainbat nazionalitatetako marinelek erabili zuten. 1971n, artean, euskaldunak eta galiziarrak kontsultategi txiki batean artatzen zituzten. Bertan egiten zuen lan Margarita Olazabal erizain gazteak: Otxotekoren amak. “Gehiegizko arrantzaren ondorioz, harrapaketak bat-batean gutxitu egin ziren eta horrek Ternuako arrantza eremuak ixtea eragin zuen. Margarita 1975ean itzuli zen Donostiara, Super-8an grabatutako hainbat ordu berarekin zekartzala. Grabazio horietan, uharteko bizitza islatzen zuen; ingurumenarentzat, biztanleen bizimoduarentzat eta elikadura-subiranotasunarentzat itzulerarik gabeko une historikoa”.

Erakusketa hau uharte hauetan kokatzen da berrogeita hamar urte geroago. Egun, biztanle horiek, nola biziraun bilatzen ari dira beren lurralde txikian isolatuta eta ia ahaztuta.

Erakusketaren katalogoa ere argitaratu da, Mari Luz Estebanen, Manuel Valdes Pizziniren eta Otxoteko beraren testuekin.

Erakusketa berria Laborategia aretoan egongo da zabalik 2023ko gaurtik 2024ko urtarrilaren 7ra arte, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.

Zabaldu: