(argazkia: David Herranz)

Mikel Urdangarinek ‘100/25 BOS – Mikel Urdangarin’ proiektua aurkeztu du, bere kantuen orkestrarako egokitzapenean oinarrituta

Musikariaren abesti esanguratsuenetako batzuk orkestrara egokitzea, Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatzea, zenbait kontzertu egitea eta disko bat grabatzea dira proiektuaren ardatz nagusiak.

Mikel Urdangarinek 100/25 BOS – Mikel Urdangarin izeneko proiektua aurkeztu du gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian.

Proiektu hau kantautore zornotzarraren 25 urteko ibilbide musikala ospatzeko aurten egiten ari den jardueren artean kokatzen da eta garrantzitsuena dela dio. Hain zuzen ere, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenarekin bat egiten duen urte berean, elkarrekin disko bati forma emango diote eta hainbat kontzertu eskainiko dituzte.

Ibon Aranbarri Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiak adierazi duenez, “Bilboko Orkestra Sinfonikoarentzat Mikel Urdangarinekin disko hau grabatzea gure mendeurrena ospatzeko ekintza garrantzitsuenetako bat da. Euskal musika garaikidearen ordezkari handienetako batekin lankidetzan aritzea harro egoteko modukoa da, are gehiago musikari eta konpositore honen 25 urteei gure mendeurrenaren ospakizuna gehitzen badiogu”.

Urdangarinen errepertorioko eta orkestrarako moldaketako kanturik esanguratsuenetako batzuen aukeraketatik abiatzen da proiektu berria. Hautatutako abestiak Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu, Iker Sanchez de Silva orkestra-zuzendari eta konpositorearen gidaritzapean.

Dagoeneko Algortako Muxikebarrin eta Bilbon, abuztuaren 20an, Aste Nagusian, elkarrekin emango dituzten kontzertuak baieztatu dituzte. Diskoa, berriz, udaren amaieran grabatuko dute.

Bingen Mendizabalek kantak hautatu ditu Urdangarinekin batera eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna izan da. Mendizabal pozik agertu da egindako lanarekin, sormen erronka bat izan da berarentzat, abesti bakoitza eremu berrietara eraman baita.

Urdangarinek, bere aldetik, proiektu hau bere ibilbidean mugarria dela azaldu du, zirraragarria dela eta ilusioz ekin diola: “Niretzat elkarlan hau ezohiko erronka bat da, ametsa zalantzarik gabe. Eta salbuespen handiek merezi duten arretarekin erantzungo dugu. Izan ere, bere 100. urteurrenean Orkestrarekin kantatzeak orain arte ezagutu gabeko toki batera darama nire kantutegia eta aukera hau baliatu behar dugu ikuskizun gogoangarria osatzeko. Orkestrazioa Bingen Mendizabalek sinatzeak ametsa are ederrago egiten du”.

Guztira 15 abestik osatuko dute diskoa: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak; beste biak Koldo Uriartek eta Fernando Velazquezek moldatu dituzte.

100/25 BOS – Mikel Urdangarin ekimenaren baitan antolatuko diren kontzertuak Urdangarin aurten egiten dabilen 25 Tour birarekin uztartuko ditu. Bira honek munduko hainbat lekutara eramango du musikaria.

Zabaldu: