(argazkia: Musika Bulegoa)

Musika Bulegoa sariek Euskal Herriko 10 musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute

Chili Mafia, Ramon Lazkano, Gaur, Ether Ensemble, Olatz Salvador, Maite Larburu, Trio Zukan, Verde Prato, Motxila 21 eta Amak izan dira hamar sarituak.

Barakaldoko BECen egin da Musika Bulegoa 2022 sariak banatzeko ekitaldia. Bertan, hamar musika talde, artista, erakunde zein proiekturen lana aitortu dute. Seigarren edizio honetarako ehun proposamen baino gehiago jaso dira eta sarituak aukeratzeko Ainhoa Vitoriak, Carlos Moranek, Galder Izagirrek, Gema Sanchezek, Gotzone Higuerak, Iker Sanchez Silvak, Juantxo Zeberiok eta Maria Taosak osatutako epaimahaiak bere epaia argitara eman du jasotako lanak zehaztasunez aztertu ondoren.

Chili Mafia, Ramon Lazkano, Gaur, Ether Ensemble, Olatz Salvador, Maite Larburu, Trio Zukan, Verde Prato, Motxila 21 eta Amak izan dira hamar sarituak. Antolatzaileen hitzetan, seigarren edizio honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dira, “pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folka, jazza edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara izan da proposamen gehienen hizkuntza nagusia eta lan instrumentalek pisua irabazi dute”. Saritutako proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte. Bestalde, EHMBE Ohorezko Sariak Mikelarenaren eskultura bat jaso du.

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Sariak, Euskal Herriko sortzaile, interprete, musikagile edo talde batek euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana aitortzen du. Euskaraz egindako proiektuak hartzen ditu kontuan nagusiki eta mota guztietako musika estiloak. Aurten Trio Zukan taldeak jaso du sari berezi hori.

Halaber, Motxila 21 taldeak EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du. Aipatu sariak Euskal Herriko musika-jarduerarekin lotutako pertsona zein erakundea goraipatzen du prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edota ekoizpenean egiten duen ekarpena medio.

Hierarkia zein kategoria gabeko sariak dira honako hauek, alegia, emandako sari guztiek dute balio bera, gauza guztien gainetik, egindako lana eta ahalegina saritzen direlako.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute BECera hurbildutakoek. Amaia Artetxeren gidaritzapean, sarituek, beraien zuzeneko ikuskizuna plazaratzeko parada izan dute.

Zabaldu: