(argazkia: Mintzalasai)

Mintza lasai euskararen aldeko festibala astelehenean hasiko da Miarritze, Angelu eta Baionan

Zazpi egunez luzatuko da festibala, irailaren 21etik 27ra bitartean. Orotara 24 ekitaldi antolatu dituzte.

Covid-19aren krisiak baldintzatuta osatu dute aurten Mintza lasai Festibala Baionan, Miarritzen eta Angelun (BAM). “2012. urteaz geroztik, euskara plazerarekin partekatzeko promesa betetzeko konpromisoa hartu izan dugu. Zoritxarrez, egungo klimak ez digu uzten euskaraz lasai mintzatzeko edo hizkuntza ezagutzeko hitzordu goxoak antolatzen”. Horregatik, aurtengo egitaraua murriztu behar izan dute antolatzaileek eta aurreikusitako 49 hitzorduetatik 24 bakarrik eskaini ahal izango dituzte. Horien artean tailerrak, ikusgarriak, bisitak, ipuinak, hitzaldiak, proiekzioak… izango dira. “Adin eta euskara maila desberdinetako herritarrentzat pentsatuak izan dira. Gainera, asteko egun bakoitzak bere berezitasuna izanen du”, adierazi dute. Hilaren 23a esaterako, haurren eguna izango da eta 24a berriz, hausnartzekoa.

Aurtengo berritasunetako bat Hitz larrien, irainen eta kitziken hiztegia da, lan kolektibo baten fruitua. “Metodologia bat ere proposatzen du bakoitzak bere irain hoberenak sortzeko”, azaldu dute.

Azken urteotan lagun artean eta familian gozatzeko egun osoko euskararen besta eguna ere antolatu izan dute Miarritzeko Marion lakuan, igandean, baina oraingoan bertan behera utzi behar izan dute, erakundeengandik iaz baino laguntza gutxiago jaso dituztelako. “Nahiz eta gure lurraldean euskararen aldeko kontsentsu sozial azkar bat eraikitzen ari den, iruditzen zaigu hiri batzuk ez direla aski engaiatzen. Hizkuntza politika publikoa ezin da elkarteen laguntzara soilik mugatu, eta beste guztia Elkargoaren esku utzi. Hirien rola ere biziki garrantzitsua da. Eta Mintza lasaik ezingo du BAM eskualde osoan segitu, hirietako batek ez badu nahikeriarik”, adierazi dute antolatzaileek.

Konfinamenduak erakutsi digu zenbateraino diren hauskorrak euskarari eskainitako espazioak: haurrentzat, euskara eskolan giltzapetuegi dago oraindik. Euskaldungaientzat, euskara konplexurik gabe praktikatzeko aukerak sobera eskasak dira oraindik. Euskaldunentzat, euskaraz bizitzeko eskubidea gehiegi ukatzen da. Lanean segitu nahi dugu gure hiru gertakariak BAM mailan antolatzeko eta hiru tresnak Euskal Herrian (eta haratago) hedatzeko”.

Datorren urtean Mintza lasaik hamar urte beteko ditu. “Jadanik hasiak gara prestaketa lanetan: festibala udako azken egunean hasiko da eta Hizkuntzen Europako Egunarekin bukatuko da (2021eko irailaren 20tik 26ra). Ausardia, berrikuntza eta kolektiboa ardatz izanen dituen astea izango da”. Honekin batera, festibalarentzat eredu ekonomiko iraunkor bat osatzeko, erakundeekin lanean hasi direla aipatu dute.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: