(argazkia: Mintzalasai)

Mintzalasai euskararen aldeko festibala irailaren 19tik 25era egingo da Miarritze, Angelu eta Baionan

Antolatzaileen arabera, “sorpresa politez beterik itzuliko da Mintzalasai festibala aurten ere, ohiko hitzorduez gain euskaraz harremantzeko uneak eta guneak dinamizatzeko helburuarekin”.

Aurten ere, zazpi egunez 53 ekimenez gozatzeko aukera eskainiko du Mintzalasai festibalaren hamaikagarren edizioak. Testuinguru berezi honetan, egitarau berritua eta erakargarria prestatu dutela aurreratu dute, tokiko 45 eragileren laguntzari esker. Aurtengoan “elkartzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak ez dira faltako”, diote antolatzaileek.

Hala, hiria euskalduntzeko erronkari eutsiz eta irakurgarritasuna hobetzeko, egitaraua ardatz batzuen inguruan antolatu dute. “Astelehenean kirol jarduerak izango dira, asteartean hausnarketarako momentuak, asteazkena haurren eguna izango da, osteguna plazerarena, ostirala kulturarena eta asteburua bestarena”.

Bateratu eta Boteretu

Mintzalasai elkarteko kideek adierazi dutenez, “garenaz eta ingurumena aldatzeko dugun gaitasunaz jabetu gaitezen okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen. Hartara gomitatzen gaituen ekimena ere bada gure festibala”.

Parentesietatik oasietara

“Urtero parentesia linguistiko ederrak zabaltzen ditugu, euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz. Eta ez da gutxi! Baina magikoak badira ere, zabaldu bezala itxi ohi dira parentesiak. Egoera normalizatzeko bidean, dinamika iraunkorra eta urte osoko eskaintza ehuntzera pasa beharko dugu.

Bizi dugun egoera diglosikoa iraultzeko, eredu berriak asmatu beharko ditugu elkarrekin. Euskara norma eta inklusiorako giltza izango diren espazioak, garaiak, aukerak, ohiturak. Bihotza edo trikitiaren mugimenduak inspiratu behar gaitu: zabaldu… eta trinkotu! Izan gaitezen beraz sortzaile eta ausart, bateratzaile eta boteretzaile, erakargarri eta t(r)inko!”.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: