Aritz Lazkanoren 'Hezur berriak' filma

Sei obra izango dira Nafarroa Shortzinema: film laburren katalogoaren lehen edizioan

Nafarroako film laburren artean, besteak beste, fikzio, dokumental, animazio eta esperimentalak hautatu dituzte, eta sektorearen jaialdietan, azoketan eta merkatuetan aurkeztuko dira.

Nafarroa Shortzinema: film laburren katalogoa proiekturako hautatu diren sei film laburrak zeintzuk izango diren jakinarazi du Vianako Printzea Erakundeak. Azaldu duenez, proiektua sektorearen jaialdietan, azoketan eta merkatuetan aurkeztuko da.

Gainera, Nafarroako Filmotekan proiektatuko da, bereziki Nafarroako Filmoteka programaren bidez; baita esparru nazionaleko beste filmoteka batzuetan, kultur etxeetan eta zinema areto komertzialetan ere.

Epaimahaiak lehen edizio honetara aurkeztutako obren “kalitatea bikaina” goraipatu du. Hautatutako film laburrak honakoak dira: Our voices, Raul Goñik eta Natxo Leuzak ekoitzia eta Natxo Leuzak zuzendua; San Simón 62, Irati Gorostidi Agirretxek ekoitzia eta Gorostidik berak eta Mirari Etxabarri Lopezek zuzendua; Hezur berriak, Skullmendi Films SL-ren ekoizpenarekin eta Aritz Lazkano Vendrellek zuzendua; Alas / Tierra Esto no es una poesía, Garde y Pirenaikaren ekoizpenarekin eta Maddi Barberrek zuzendua; Amanece la noche más larga, Arquetipo Comunicación SL / New Gravity Laws SL-ren ekoizpenarekin eta Lorena Aresek / Carlos F. de Vigok batera zuzendua; eta, azkenik, El querer, Lasai Producciones SL-ren ekoizpenarekin eta Miguel Machettik zuzendua.

Erakundeak nabarmendu duenez, “lehen edizio honen baitan dauden sei film laburrek Nafarroako film laburren aberastasunaren eta dibertsitatearen lagin bat dakarkigute”. Hautatuen artean daude: fikziozko bi obra, bi dokumental, animaziozko film labur bat eta film esperimental bat.

Hizkuntzari dagokionez, horietako bitan jatorrizko hizkuntza euskara da. “Gaiak askotarikoak dira; hizpide dituzte egungo krisi migratzaileak, klima aldaketaren mehatxua, edo bestela iragan nahiko hurbil batera garamatzate kontatu gabeko istorioak berregituratzeko”.

Nafarroa Shortzinema

Proiektuaren xedea da “zuzendari eta ekoizle nafarren film laburrak aintzatestea, sustatzea eta barreiatzea”.

Zabaldu: