(argazkia: Euskararen Etxea)

Miren Agur Meabe idazleak eta Asier Iturralde ilustratzaileak ‘Hostopostoak eta ilargi-jaia’ ipuina argitaratu dute

Idazle lekeitiarrak azaldu duenez, hiru helburu ditu ipuinak: “irakurketa jostagarria sustatzea, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa sendotzea euskararen ahozkotasunarekiko”.

Miren Agur Meabe idazleak eta Asier Iturralde Gaston ilustratzaileak Hostopostoak eta ilargi-jaia izeneko ipuina aurkeztu dute Bilboko Euskararen Etxean. Hostopostoak egitasmoak Euskararen Etxean egiten diren familia-programa eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleei zuzendutako Eskola Programa biltzen ditu. Hartara, ipuin-liburu berria Euskararen Etxeko haurrei zuzendutako eskaintza osatzera dator. Meabek azaldu duenez, hiru helburu ditu ipuinak: “irakurketa jostagarria sustatzea, fantasia elikatzea eta hiriko umeen harreman afektiboa sendotzea euskararen ahozkotasunarekiko”.

Egiturari dagokionez, “egoera harrigarri” batetik abiatzen da kontakizuna, gero, gatazka bat gertatzen da, eta amaiera irudimentsu batekin amaitzen da. Horretarako, hizkuntzaren “esperientzia poetikoa” baliatu du idazleak, “hizketa xume eta baliabide poetikoen” bidez. Sinomia ere agertzen da. “Esaterako, hosto pila pertsonaien ohea da, baina, nagusiok dakigunez, hostopila ojaldrea ere bada. Hala, pertsonaiek hostopila egin beharko dute hostoekin eta errezeta eta osagaiak bilatu”.

Zenbait curriculum-item ere biltzen dira ipuinean: “ingurumenarekiko errespetua, liderren gaitasuna eta sormenaren garrantzia egunerokotasunean”.

Gaston ilustratzaileak bestalde, Meabek aurretik sortutako izakientzat irudikatu duen unibertsoa azpimarratu du. “Oso erakargarria da unibertso hori, eta orain arte ilustratu dudan ipuinik politena izan da; irakurtzean hunkitu egiten nintzen”.

Liburua eskuratzeko aukerak

Familia-programan eta LH1, LH2 eta LH3 ikasleentzako eskola-programan parte hartzen duten taldeek doan jasoko dute Hostopostoak eta ilargi-jaia. Halaber, Euskararen Etxean bertan ere eskuratu ahal izango da 5 euroren truke.

Zabaldu: