(argazkia: Donostia Kultura)

Miren Asiain ilustratzailearen erakusketa ikusgai Donostian

Erakusketa datorren urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Aiete Kultur Etxean.

Miren Asiainen (Iruñea, 1988) erakusketa ikusgai egongo da gaurtik aurrera, urriak 14, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Asiainek Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, baina azken ikasturtea Buenos Airesen burutu eta ilustrazioaren munduan bere kabuz hasi zen lanean. Hala, bere lanak munduko hainbat lurraldetan erakutsi ditu eta berak ilustratutako liburuak ere hainbat hizkuntzatan argitaratuak izan dira.

Artistaren lanen artean badira saritutako asko. 2012an, esaterako, Asiainek berak idatzi eta ilustratutako Hara! (Pamiela, 2012) album ilustratuak Etxepare saria jaso zuen. 2013an finalista izan zen Literaturako Euskadi sarietan eta pasa den astean Un millón de ostras en lo alto de la montaña (Flamboyant) liburuan egindako lanagatik 2020ko Euskadi Saria jasoko duela ezagutzera eman zen. Horretaz gain, 2015ean, Iberoamerica Ilustra: Catálogo Iberoamericano de ilustración saria jaso zuen Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokan, Mexikon.

2019an, bere lana Ilustrarte Nazioarteko Ilustrazio biurtekoan (Portugal) eta New Yorkeko Ilustratzaileen elkarteak (SOI) antolatutako Illustrator´s 61 erakusketetan hautatu zuten. Liburuak ilustratzeaz gain, musika diskoen azalak eta pelikula, antzezlan eta beste hainbatetarako kartelak sortu izan ditu.

Asiainentzat ilustrazioa ez da testuaren alboan ageri den irudi soil bat, haratago doan zerbait da, sentimenduak eragin eta beste lurraldeetara garamatzaten irudiak dira ilustrazioak. Artea beti izan da bere bizitzaren parte. Ikasketak amaitu zituenean, ilustratzaile lana jaten emango zion ogibidea izan behar zela konturatu zen, baina, era berean, pasioz burutuko zuena.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera eta Asier Iturralde. Orain Miren Asiainen txanda da.

Zabaldu: