Mirentxu Loiarte Iratxe Fresnedaren 'Irrintziaren Oihartzunak' filman

Mirentxu Loiarte zendu da

Iruñean hil da 87 urte zituela. Euskal Herriko lehen emakume zinegiletzat hartzen da Loiarte.

Mirentxu Loiarte Espartza euskarazko zinema zuzendari eta gidoilaria izan zen. Lehen euskal emakume zinemagilea. Zinema tresna politiko eta kultural moduan erabiltzearen aldekoa, mugimendu abertzalearekiko gertutasuna erakutsi zuen.

Loiartek Parisko CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan ikasi zuen, eta 60. hamarkadan euskal zinema produkzioari hasiera eman zion mugimenduan parte hartu zuen. Larruquert eta Nestor Basterretxearen Ama Lur (1968) izan zen mugimendu horren abiapuntua, Gerra Zibilaz geroztik Euskal Herrian filmatutako lehen film luzea. Aldarrikapen politiko eta linguistikoz beteriko zinema sortzen hasi ziren orduan Iñaki Nuñez, Iñigo Silva, J. B. Heinink, Javier Rebollo, Juan Ortuoste, Imanol Uribe edota Loyarte bera.

Iruindarraren lehendabiziko lana 1978an iritsi zen Irrintzi izenpean. Film labur hau Luis Iturriren testu baten egokitzapena da, zeinak Euskal Herrian jasaten zen errepresioa salatuz, kalean ateratako argazki eta agertoki batean egindako antzezpen koreografikoak uztartzen dituen.

1981ean Ikuska 12 zuzendu zuen. Film labur dokumental honek 80ko hamarkadan Euskal Herriko emakumeak betetzen zuen espazio soziopolitikoa marrazten du, emakumearentzat ziren espazioetara gerturatuz: merkatuetara, haur-parkeetara, arrain-fabriketara eta gizonen pixalekuetara. Hau bere azken lanetako bat izan zen, izan ere, arrazoi politikoak zirela eta, 1980ko hamarkadan Venezuelara erbesteratu behar izan zuen.

Irrintziaren oihartzunak

2017an Iratxe Fresnedak Irrintziaren oihartzunak dokumentala estreinatu zuen, Loiarteren lana berreskuratuz eta filmaren protagonista bihurtuz.

Dokumentalaren sinopsiaren arabera, “Mirentxu Loiartek sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du filmak. Loiarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagilearen memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzunak; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna