(argazkia: Oihaneder Euskararen Etxea)

Montehermoso-Euskararen Etxeak Belar Sounds musika programa antolatu du udako asteburuetarako

Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainean. Ekainaren 26an abiatuko da programa eta irailaren 11ra arte luzatuko da.

Iazko etenaldiaren ostean, Gasteizko Belar Sound musika jaialdia bueltan da. Aurten ere Falerina lorategian izango dira egitarauak jasotzen dituen kontzertu guztiak. Antolatzaileen arabera, “gune historikoa aisialdirako eta elkar bizikidetzarako espazio bihurtuko da udako asteburuetan, musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskainiko baitira aire librean”.

Ekainaren 26an abiatuko da programa eta irailaren 11ra arte luzatuko da. Aurten lehen aldiz, Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea jarri ditu elkarlanean ekimenak.

Guztira sei kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute: Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeak izango dira Falerinako oholtza gainean. Talde guztiak Hego Euskal Herrikoak dira. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.

Egitarua:

  • Ekainaren 26an, Voodoo Charms: Lotura estua duten estilo ezberdinetatik datozen musikariek osatzen dute taldea, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya.
  • Uztailaren 3an, The Binilo’s: Irantzu eta Oier Garamendik osatutako bikote umoristikoa. 50 eta 60. hamarkadetako zuzeneko irratsaio gisa aurkezten dute beren emanaldia, eta garaiko iragarkiak txertatzen; horrez gain, umorez beteriko gidoia eta abesti ugari ditu.
  • Uztailaren 24an, Resaca Jackson: laukote honen musikak hegoaldeko rock doinuak rock klasikoenaren, hard rockaren eta bluesaren eraginarekin nahasten ditu. Abestien letra garratzak, kritika sozialez beteak, denboran irauteko sortu dituzte.
  • Abuztuaren 28an, Serious Business: musika munduan esperientzia handia duten Aitor Badiola, Maria Armendariz, Antxon Sarasua eta Ander Zulaika musikariek osatutako taldea da. Bluesa eta rockaz gain, funka, R&Ba, popa eta jazza lantzen dituzte.
  • Irailaren 4an, Belceblues: Sormen handiko gitar riff-ez eta tronpeta harrigarri batez lagunduta, bere musikarien soinuek blues klasikoa eta garaikidea nahasten dituzte.
  • Irailaren 11n, Neona: Neona izenaren atzean Natali taldetik eratorritako proiektua dago. Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre dira taldekideak. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilo entzun daitezke beren lanetan.

Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira Entradium plataformaren bidez edota 945 161 830 zenbakira deituta, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik).

Zabaldu: