[BIDEOA] Nerea Loiolak ‘Epizentroa’, helduentzako lehen ipuin liburua kaleratu du

Idazleak arreta handia jarri du harremanetan, keinuetan, gauza txikietan eta xehetasunetan. Zazpi narraziok osatzen dute liburua eta denetan emakumezkoak dira protagonista.

Nerea Loiolak (Deba, 1985) 2018an eman zuen argitara haurrentzako Harri bat poltsikoan izeneko liburua. Azken lanhütarra lanak jarraitu zion aurreneko liburu horri 2019an. Oraingoan, helduentzako literaturara saltoa ematea erabaki eta Epizentroa izeneko ipuin liburua aurkeztu du Donostian, Erein argitaletxearen eskutik.

Zazpi narraziok osatzen dute liburua eta denetan emakumezkoak dira protagonista, adin eta ezaugarri desberdinetakoak. Kontakizunak autonomoak direla dio egileak, “ez ditu denak elkartzen dituen azpiko haririk, baina badu osotasun bat, gai mordoxka atera dira eta amankomunak dira liburuan: gurasotasuna, desioa, sexua, harremanak, nahiak, ezinak eta zoriontasunaren eraikuntza”. Hala ere, giza harremanetan ezarritako ardatzak eta erabakien inguruko aferak osotasuna ematen diote liburuari.

Loiolak arreta handia jarri du harremanetan, gauza txikietan eta xehetasunetan. “Gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak”, hau da, alde batetik erabakiak hartzeko ataka konplikatu hori daukagu, baina, ondoren, askotan zailagoa izaten dena, erabakitako hori gauzatzearena”.

Estilo finarekin idatziak, ipuin labur eta freskoak direla dio Debako idazleak, beti giza harremanen ardatzaren jiran. Inazio Mujika editorearen hitzetan, “apaindurarik gabeko hizkuntza” da Loiolarena, “efizientea eta efikaza. Zuzen eta zehatz marrazten ditu gaiak eta pertsonaiak”.

Zabaldu: