(argazkia: Hernaniko Udala)

Munduan gertatzen diren eskubideen urraketak ikusarazteko asmoz Hariak zinema jaialdia antolatu dute Hernanin

Azaroaren 3tik 13ra bitartean izango da zinemaldia eta denetara hamahiru film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feministan.

Hariak zinema jaialdiaren lehen edizioa aurkeztu du Hernaiko Udalak munduan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean antolatutako erresistentziak ikusarazteko asmoz. Azaroaren 3tik 13ra bitartean izango da zinemaldia eta denetara hamahiru film eta dokumental proiektatuko dira, Kulturarteko Plaza Feministan. Aurreratu dutenez, jatorri eta gai desberdinetako lanak egongo dira ikusgai eta proiekzio bakoitzaren ostean, solasaldi eta mahai-inguruak izango dira gaian sakontzeko”.

Udaleko Lankidetza arloak urteak daramatza munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen, eta eginkizun horretan mugarri izan nahi du zinemaldi honek. Izan ere, “munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zinema zikloa izango da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena. Horiek baitira istorio guzti hauek elkarren artean lotzen dituzten hariak”, adierazi dute antolatzaileek.

Guztira, munduko txoko askotako bederatzi film luze eta lau film labur proiektatuko dira jaialdian. Horretaz gain, zinemaldi osoan zehar erakusketa bat ere egongo da ikusgai.

Egitaraua

Azaroaren 3an, Zinemaldia irekitzeko Flores de la Llanura Mexikoko film laburra eskainiko da. Egun berean, Tras las huellas de l_s desaparecid_s erakusketaren inaugurazioa izango dugu. Bertan artean izango dira zuzendaria eta produktorea azalpenak emateko.

Azaroaren 4an, berriz, Nuestra Libertad El Salvadorren abortatzeagatik kartzelan dauden hamasei emakumeren inguruko filma ikusteko aukera izango da. Aurtengo Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian Publikoaren saria irabazi du  Solasaldian bertan izango dira gaian aditua den abokatu bat eta Askabideko ordezkari bat.

Azaroaren 5ean, Larunbatean, saio bikoitza izango dugu. Goizean La vida después del Isis Alba Sotorrarena. Dokumentala oso saritua izan da eta azken astean Emmy sarietarako izendatu dute. Arratsaldean, Como yo quiera filma ikusteko aukera egongo da. Egipton pasa den hamarkadan izandako iraultzaren manifestaldietan bortxaketa masiboak izan ziren. Horren aurrean emakumeek erresistentzia antolatu zuten. Bi pelikula horietaz hitz egiteko, erreferentea den Olga Rodriguez kazetaria hurbilduko da Hernanira.

Azaroaren 6an, astearekin amaitzeko, goizean Els nostres George Floyds dokumentala proiektauko da. Estatu espainiarrean izan diren horrelako kasuak azaleratzen ditu. Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendariak bertan izango dira.

Arratsaldean, berriz, 918 gau filma eskainiko da. Bere zuzendaria, Arantza Santesteban, bertan egongo da. Kartzelan egon zenean, bizi eta hausnartu zuena biltzen du filmak.

Azaroaren 9an, saio berezia antolatu dute herriko ikastetxe bateko ikasle batzuekin. Kalean film laburra ikusi ondoren, Donostian bizi diren protagonistekin solasaldia izango da.

Azaroaren 10ean, Indestructibles dokumentala proiektatuko da. Honetan, Xavier Aldekoak eta Alfons Rodriguezek Afrikako gazteei buruzko bestelako begirada bat islatzen dute. Biekin egoteko aukera egongo da egun horretan.

Azaroaren 11n, Ane Irazabal eta Cosimo Caridiren dokumentala ikusteko parada izango da: Awlad Hesiak gainditu. Errefuxiatuak diren lau haurren istorioa da eta hezkuntza formala lortzeko eguneroko borroka deskribatzen du. Irazabalek streaming bidez parte hartuko du.

Azaroaren 12an, goizeko saioan Ipar Basatia film luzeak hartuko du plaza. Irun-Hendaiako eta Mexikoko mugen inguruan hitz egiten du. Gaia kokatzeko bi mugetan adituak direnak izango dira jaialdian. Arratsaldean, Aquí estamos filma proiektatuko da. Azken urteotan Kanariar Irlak bihurtu dira Europarako sarbide nagusia. Bertan bizi duten egoera salatzen du dokumentalak. Javier Rios zuzendaria eta Loueila Mint El Mamy migranteen eskubideen alde lanean ari den abokatu sahararra izango dira Kulturarteko Plaza Feministan.

Azaroaren 13an, amaitzeko, Almeriara bidaiatuko dugu. Bertan, lan eta bizi diren emakume jornalarien esplotazioa eta eskubideen urraketa salatzen duten bi film labur eskainiko dira. Batetik, Vecinas, vivas donde vivas. Bestetik, Vidas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plástico. Egoera azaltzeko hango jornalari bat eta ekintzaile bat etorriko dira. Horrela itxiera emango diote Hariak zinemaldiaren lehenengo edizio honi.

Zabaldu: