(argazkia: San Telmo museoa)

Museoen Nazioarteko Eguna Donostiako San Telmo Museoan

Maiatzaren 18, 22 eta 23an sarrera doakoa izango da eta egun horietan  musika emanaldiak, familia ikuskizun bat eta txistulari bandaren kontzertua programatu ditugu

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna da, eta aurtengo leloa Museoen etorkizuna: berreskuratzea eta berrimajinatzea da. Helburua da museoek Covid-19aren aurrean berreskurapenaren bultzatzaile gisa duten eginkizuna aldarrikatzea eta museoek gure gizartean duten etorkizuna berrirudikatzea.

Hain zuzen ere pandemiaren ondorioz sortutako baliabide berri bat erabiltzeko aukera izango dute Donostiako San Telmo museora gerturatzen diren bisitariek egunotan: erakusketa iraunkorraren aplikazioa. Iaz arte museoak bisitarien audio-gidak jartzen zituen, baina pandemiaren ondorioz erabili ezin direnez, museoak bere erakusketa iraunkorra ezagutzeko baliabide berri bat prestatu du eta app gisa eskaintzen du Android eta iOS erabiltzaileentzako dohainik.

Dagoeneko eskuragarri dago, eta erakusketa iraunkorrean zehar ibilbidea egiteko erabili nahi den denboraren arabera, bi aukera egongo dira. Ibilbide luzeak bisitaria erakusketa iraunkorrean sakonki murgiltzen du bi ordu inguruko iraupena duen proposamenarekin, eta ibilbide laburrak, ordubete inguruko iraupenarekin, ikuspegi orokorragoa ematen du, lehenengoaren interes puntuen aukeraketa bat bilduta.

Aplikazioan irudiak eta testuak erabiltzen dira, eta baita audio-gida bat, mapa interaktiboa eta informazio praktikoa ere.

Aplikazioaz gain, museoak ekitaldi bereziak antolatu ditu Museoen Eguna ospatzeko. Maiatzaren 18an (asteartea), 22an (larunbata) eta 23an (igandea) sarrera doakoa izango da guztientzat.

Egun horietan Kearen eta lanbroaren artean. Sigfrido Koch Bengoechea erakusketa ikusteko azken aukera izango da, hilaren 23an bukatuko da eta. Era berean, museoko erakusketa iraunkorrean berritasunak ikusteko aukera izango da, besteak beste, Euskal Artearen 100 urte aretoan txertatutako piezak: Jorge Oteizaren Pietaterako estudioa, Nestor Basterretxearen zazpi pintura eta Mari Paz Jimenezen Bi belaunaulki obra.

Bestalde, San Telmo musikaz beteko da egitarau zabalari esker, horietako batzuk Francisco Escudero Kontserbatorioarekin eta Donostiako Udal Txistulari Bandarekin elkarlanean antolatuak. Gainera, familientzako ikuskizun bat ere izango da.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta edukiera mugatua izango dute. Museoaren webgunearen bidez lekua erreserbatu beharko da; hori egiteko epea zabalik dago.

Zabaldu: