Museoen Nazioarteko Egunaren harira ate irekiak izango dira Tolosako Topic museoan

Jarduera-programa zabala antolatu dute maiatzaren 13 eta 14rako.

1977tik hona, Museoen Nazioarteko Kontseiluak urtero Museoen Nazioarteko Eguna antolatzen du maiatzaren 18an, nazioarteko museo-komunitatearentzako une berezia. Ekimenaren helburua museoak bitarteko garrantzitsuak direla erakustea da kultura-trukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulertzea, lankidetza eta bakea garatzeko.

Ohi bezala, Tolosako Topic museoak efemeride hori ospatuko du aurten ere, ostiral eta larunbatean, maiatzaren 13an eta 14an hurrenez hurren, eta horretarako jarduera-programa zabala antolatu du.

Ostiralean ate irekien eguna izango da, arratsaldeko 16:00etatik 24:00ak arte. 20:00etan, euskaraz eta 21:00etan, gaztelaniaz, doako bisita gidatua egingo da helduentzat (izena eman beharko da aldez aurretik) eta 23:00etan, koktel zuri bat, Bide-Bideren eskutik.

Maiatzaren 14an, larunbata, ate irekien eguna izango da berriro, 10:00etatik 14:00etara. 11:30ean kontzertua emango dute Musikeneko interpretazio klasikoko masterreko ikasleek. Kasu honetan, taldeak Ashyma Quartet du izena, Marta Judith Angulo saxofonistak, Teresa CastaƱon eta Leticia del Monte klarinetistek eta Narayan Rishi saxofonistak osatutako taldea. Bere errepertorioa Singelee, Marquez, Iturralde eta Romeroren obretan oinarrituko da.

Halaber, 11:30ean, bisita gidatu antzeztuak egongo dira doan familientzat (11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz). Hauetan ere parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik. 17:00etan, berriz, Fotopic saria emango da eta parte-hartzaileen argazki-erakusketa inauguratuko da. 17:30ean, Retablo de Figurillas aldi baterako erakusketa berria inauguratuko da eta, ordu horretan bertan, familia-tailer bat izango da Argentinako Babel Teatro taldearen Beethoven ikuskizunaren aurretik.

Zabaldu: