(argazkia: Loraldia)

Musika, kanta eta arte bisualak uztartu dituzte Laboaren mundua erakusteko

Laboa. Lekeitiotik hegan ekitaldi honekin Mikel Laboaren Lekeitioak lanaren berrinterpretazioa egin nahi izan dute. Euskal musikariari eskainiko zaion ikuskizun honetan hiru protagonista daude: Ensamble Kuraia, Maddi Oihenart eta Elektrart.

Bilboko Loraldia Festibala euskal kultura biltzeko tokia dela diote antolatzaileek, “obra berriak sortzeko eta birsortzeko tokia”, alegia. Azaldu dutenez, “askotan jasotzen dugu euskal kulturaren erreferenteek sortutako proposamenen lekukoa, eta gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzen ditugu”. Laboa. Lekeitiotik hegan obra ere ez dago salbu, euskal kantariaren Lekeitioak albumean oinarrituta dagoen sorkuntza da honakoa. Laboaren unibertsoaren zati hau Bilboko Arriaga Antzokian ikusteko aukera egongo da, martxoaren 16an, arratsaldeko 19:30ean.

Laboa. Lekeitiotik hegan proiektua Laboaren lanen berrinterpretatzeko asmotik abiatzen da. “Laboaren sorkuntza esperimentalari ohore eginda, Ensamble Kuraiak, Maddi Oihenartek eta Elektrartek abeslari euskaldunaren unibertsoaren beren ikuspegia erakutsiko dute.

Kontzertua Kuraia Musika Garaikideko XXVIII. Topaketarekin elkarlanean sortu da.

Ensamble Kuraia

Ensamble Kuraia musika taldea Maria Eugenia Luc konpositoreak sortu zuen 1997. urtean, Bilbon eta Euskal Herriko konpositoreen obrak zabaltzea du helburu.

Maddi Oihenart

Maddi Oihenart abeslari zuberotarra aski ezaguna da. Urte askoan egon da Zuberoako plaza eta tabernetan abesten, eta denborarekin beste euskal musikari askorekin elkarlanean ere aritu da: Olatz Zugasti, Juan Mari Beltran, Peio Serbielle, Rafa Rueda, Patxi Zubizarreta, Haurrock taldea,… bere abestiak idazteaz gain, hainbat euskal idazleren bertsoak eta poemak kantatzen ditu: Bernardo Atxaga, Leire Bilbao eta Karlos Linazasoro dira horietako batzuk.

Elektrart

Diziplina askotariko artista eta teknologoez osatuta dago Elektrart, eta bi mundu horiek uztartzen dituzten proiektuak aurrera eramaten dituzte. Hainbat euskarritan egiten dute lan: ikus-entzunezko edukia diseinatu eta sortzen dute bideo mapping-erako; arte digitaleko instalazio inmertsiboetarako; Big Dataren interpretaziorako instalazio artistiko berritzaileetan; edo inpaktu handiko 2D eta 3D diseinu bisualak holograma bidez.

Zabaldu: