Musika sarituko du bigarren Sormen Beka Da-ren deialdiak

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. 2020. urteko Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute bigarren urtez Sormen Beka Da.

Kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak izango dira kontuan beste behin ere: literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkez daitekeen proposamena diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke. Baina, deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat.

2019an beraz, musika izango da oinarri, edozein generotakoa. 18 urtetik gorako sortzaile berriei zuzendutako beka izango da eta lan bakarra izan dezakete kaleratua. Bertan, banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da.

Jatorrizko sormen lana izan behar da aurkezten dena. Ez dira bertsioak onartuko. Diziplina arteko uztarketa izan daiteke, baina pisu nagusia musikak izan behar du. Hitzak barne dituen sormen lana bada, euskara hutsezkoa izan beharko da eta sorkuntza lana bera eta emaitza nola plazaratuko den jaso beharko dira proposamenean.

Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da musika proiektua aurrera atera ahal izateko.

Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 54. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2020ko Durangoko Azokan (55.DA) aurkezteko.

Aurkezpen modua

  • Proposamenak eta dokumentazio osagarria posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera.
  • Aurkeztu beharreko dokumentazioa (ereduak webgunean deskargatu)
    • Eskaera formularioa
    • Sortzailearen edo sortzaileen curriculuma/k
    • Proiektuaren memoria (motibazioa, deskribapena…)
    • Aitortzen dokumentazioa (originaltasuna, beste diru-laguntza deialdi batzuk, datuen babeserako legea)
    • Lanaren lagina mp3 formatuan (*oinarriak kontsultatu zehatzago)

Informazio guztia hemen.

Zabaldu: