(argazkia: Loraldia Festibala)

Musika tradizionalak eta modernoak bat egingo dute ‘Bozak’ ikuskizunean

Loraldia Festibalak antolatutako esperientzia digital honetan lau emakumek hartuko dute parte, horien artean bi musikari daude: Maddi Oihenart eta Lide Hernando. Itziar Ugarte poeta eta Maddalen Arzallus bertsolaria ere bertan izango dira.

Bozak izeneko esperientzia digitalaren bigarren edizioak iparra eta hegoaren artean dagoen mugaren inguruan solasaldi bat proposatzen du. Lau emakume izango dira protagonistak: Maddi Oihenart abeslari zuberotarra, Lide Hernando Liher rock taldeko abeslaria, Itziar Ugarte poeta eta Maddalen Arzallus bertsolaria, azken hau gidari lanetan.

Emanaldian bi mundu desberdin uztartuko dira: herri kantak eta rocka. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “ikuspegi tradizionala Oihenartek jarriko du. Hernando, berriz, ikuspegi modernoago eta gazteago bat plazaratzeaz arduratuko da.

Solasaldian zehar, artisten iritziak entzuteaz gain, beraien musika zuzenean entzuteko aukera ere egongo da. Gainera, Ugartek bere ekarpena egingo du publikoari zenbait olerki irakurriz eta gai ezberdinen inguruan mintzatuz.

Mundu digitala eta fisikoa, bat eginda

Loraldia Festibalean ekitaldi berritzaile eta esperimentalak ere aurki daitezke. Bozak da horren adibide, izan ere, mundu fisikoa eta digitala uztartzen ditu zenbait modutan. Hasteko, ekitaldia streaming bidez entzuteko aukera egongo da, loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan. Gainera, Ugarteren presentzia digitala izango da, eta solasaldiaren zenbait momentutan Amaia Ocerinek sare sozialetan komentatzen dena partekatuko du bideokonferentzia bidez eta elkarrizketa bat egingo du beste bi kideekin.

Solasaldiaren gai nagusiak bi izango dira; Bata, Bozak emanaldiaren lehen edizioari jarraipena emango diona. Emakume sortzaileen inguruan mintzatuko dira gonbidatuak: zein egoera bizi duten euskal sortzaileak eta emakume izateak nola eragiten dien; zeintzuk dira euren erreferenteak eta nola ekiten dieten sormen prozesuei; nola bizi izan duten sortzaile izatea belaunaldi ezberdinekoak izanda… Bigarrena, berriz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana izango da. Atal honetan beste bi parte-hartzaile sartuko dira zuzenean, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) Johane Etchebest zuzendariak eta euskaltzale bat, euren ikuspuntuekin ekarpena eginez. Maddalen Arzallus bidaia honen gidaria izango da, eta Ugarteren ekarpenekin batera hizketaldi berezi eta bakar batez gozatzeko aukera egongo da.

Saioa martxoaren 13an izango da, Bilboko Guggenheim museoan.

Zabaldu: