Musika, zirkua, antzerkia eta bertsoa biltzen dituen egitaraua prestatu dute Ondarroan Aste Santurako

Apirilaren 1, 2 eta 3rako hiru ekintza antolatu dituzte: Erik eta Win bertso-antzerki saio umoretsua, Moonshine Wagon taldearen heavy-bluegrass kontzertua eta Sarini Zirkoren umeentzako Txoriak-Txori ikuskizuna.

Iazko Aste Santua oso berezia izan zela dio Ondarroako Udalak, eta, horregatik, Aste Santua Etxetik programazioa prestatu zuen. “Aurtengoa ere ohikoa izango ez den arren, gutxienez kultura jarduerak bertatik bertara gozatzeko moduan daude herritarrak”, adierazi dute. Hori dela eta hiru ekintza antolatu dituzte: Erik eta Win bertso-antzerki saio umoretsua, Moonshine Wagon taldearen heavy-bluegrass kontzertua eta Sarini Zirkoren umeentzako Txoriak-Txori ikuskizuna.

Apirilaren 1ean emango diote hasiera egitarauari Zaldupeko jolastokian, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Erik eta Win izeneko bertso-antzerki umoretsua eskainiko dute Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek lagunduta. Gizon eredu berriak sortzea premiazkoa dela islatuko dute taula gainean.

Hurrengo egunean, apirilak 5, Moonshine Wagon taldearen txanda izango da, laukotea Zaldupeko jolastokiko oholtzara igoko da, arratsaldeko 19:00eta. Azaldu dutenez, taldeak “heavy bluegrass doinuak suziriaren abiadurarekin jaurtitzen ditu, eta nazioartean izugarrizko sona dute, baxua, biolina, mandolina, gitarra, bouzoukia, kontrabaxua eta ahotsak erabiliz. Ipar Amerikar soinuak apurtzen ditu heavy bluegrassak, sua eta kemena izango dira kontzertuen ezaugarri nagusia beste hamaika eragin pisutsuekin batera”.

Egitarauarekin amaitzeko, apirilaren 3an, Sarini Zirkok umeentzako Txoriak-Txori ikuskizuna eskainiko du Zaldupeko kiroldegian, arratsaldeko 17:00etan. “Pertsonaia bat, emakumea. Emakume bakar bat bere eromenaren errugabetasunean. Haurrek kutsatzen duten erokeria. Horrek amets egin eta hegan egiteko aukera ematen digu, hegaztiak gure burutik hegan egin ahala. Familia ikuskizuna hizkuntza unibertsala, poetikoa eta dibertigarria da. Pertsonaiak emozio desberdinak ditu eta umorearekin jokatzen du txoritxo baten konpainiarekin. Azkar aldaketa, aireko begia, bertikalak, nahiz eta zenbait labana bota, ikuskizun hau marrazten duten zirkuko diziplinak dira”.

Emanaldi guztiak Covid-19a dela eta momentuan indarrean dauden arau eta protokoloak beteta egingo direla nabarmendu dute. Sarrerak martxoaren 17tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan eta pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera eskuratu ahal izango ditu, “ahalik eta herritar gehienek jarduerez gozatzeko aukera eduki dezaten”, adierazi du antolakuntzak.

Zabaldu: