Musikari elkarteak positibotzat jo du Ministroen Kontseiluak sektore artistikoari zuzenean eragiten dioten hainbat neurri onartu izana

Euskal Herriko Musikarien Elkarteak urteak daramatza Artistaren Estatutua garatzearen alde lanean, eta, beraz, bertako kideek uste dute erabaki hori gehiegi atzeratu dela denboran.

Estatu espainiarreko Ministroen Kontseiluak sektore artistikoari zuzenean eragiten dioten hainbat neurri onartu ditu. Horien artean daude: norberaren eta besteen konturako lan artistikoaren eta erretiroaren arteko bateragarritasuna; 1435/1985 Errege Lege Dekretuaren lan-harreman berezia duten artista eta profesionalentzako langabeziagatiko prestazio kontributiboa; eta kotizazio berezia diru-sarrera txikiak dituzten artista autonomoentzat.

Euskal Herriko Musikarien Elkarteak urteak daramatza Artistaren Estatutua garatzearen alde lanean, eta, beraz, bertako kideek uste dute erabaki hori gehiegi atzeratu dela denboran. “Unión de Músicos elkarteko kide bezala oso gertutik bizi izan ditugu eztabaidak, oztopoak eta akordioak. Ondorioz,  balorazioa orokorrean positiboa da, noski. Aurrekaririk gabeko neurriak hartu dira: artistentzako langabezia, erretiroa eta lan artistikoaren erabateko konpatibilitatea, eta diru iturri murritzak dituzten artista autonomoentzat kotizazio zati bat; azken honek oreka falta izugarria duen arren pozik egoteko arrazoiak badira”.

Elkarteko kideen arabera, “sektoreak azken urteetan egin duen esfortzuari esker, artistei, nolabait, bere lekua ematen ari zaie sistemaren barruan. Orain arte sistematik kanpo zeuden, erabat prekarizatuta eta inolako babesik gabe. Beraz, neurri hauek nahi genituen guztiak ez badira ere, genituenak baino gehiago dira. Leiho bat ireki da, eta leiho honek etorkizunean egin beharreko aldarrikapenen bidea asko erraztuko digu”.

Elkarteak balorazio positiboa egin duen arren, tentuz jokatu behar dutela uste du. “Denbora behar da neurri hauek artisten bizitzan nola eragiten duten ikusteko. Besteak beste, aztertu beharko da zenbat artista atxikitzen diren langabezia-laguntzara eta zenbat autonomori egiten dien mesede neurri horrek”.

Laburbilduz, oraindik lan eta erronka ugari dituztela adierazi dute eta hortik dator Musikarik artisten lan duintasunaren alde lan egiten jarraitzeko duen konpromiso iraunkorra.

Zabaldu: