(argazkia: Euskadiko Filmategia)

Urtarrila eta martxoa bitartean egingo da Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioa

Datozen hiru hilabeteetan, hamar film ikusteko aukera egongo da. Ohi bezala, nazioarteko zientzialari ospetsuek egingo dituzte emanaldien aurkezpenak.

Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak zientziaren aldeko maitasuna aldarrikatuko du ostegun honetatik aurrera. Donostia International Physics Centerekin (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean, Euskadiko Filmategiak jarraitu nahi du kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzen eta, horretarako, nazioartean ospea duen zientzialari batek hitzaldia eskainiko du emanaldi bakoitzean. Donostiako Tabakalera zentroa, Bilboko EHUko Bizkaia Mitxelena aretoa, Gasteizko Artium Museoa, Iruñeko Golem Zinema aretoa eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zinemak izango dira ziklo honetako proiekzioen egoitzak.

Gaur egin dute zikloaren aurkezpena Tabakaleran eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek adierazi duenez, edizio honetan “zinemaren maitasunaz eta zientziaren maitasunaz” hitz egingo da.

Bestalde, Ricardo Diez Muiñok DIPCko zuzendariak azpimarratu duenez, zientzia eta zinema gaur egungo kulturaren funtsezko bi osagai dira. “Zinemaren eta zientziaren arteko elkarrizketa ikuspegi askotatik egiten da, eta gu haietako batean zentratuko gara: begirada ezberdin, original bat emango diegu, zientziatik, film handi batzuei, eta, era berean, bildu eta aztertuko dugu nola begiratzen dion zinemak gertaera zientifikoari. Zientzialariak zinemara eramaten ditugu eta zientziara gerturatzen ditugu zinemazaleak”.

Filmak

Zikloak Fire of Love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko du, beren arteko eta sumendienganako maitasunaz elkarri lotutako bi bolkanologo frantsesen esperientziei buruzko dokumental bat. Zientziari eta bere familiari dion maitasuna da baita ere Madame Curie (Mervyn LeRoy, 1943) filmaren protagonista, zeinak Nobel saria bi aldiz irabazitako poloniar zientzialariaren ikerketa-urteetan sakontzen baitu. Drácula de Bram Stoker (Francis F. Coppola, 1992) filmak ezinezko maitasun baten bila denboran zehar dabilen banpiroaren mitoa erakusten du. Egitarauaren osagarri dira orobat El nombre de la rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) eta La herencia del viento (Stanley Kramer, 1960) bezalako pelikula klasikoak, non beren protagonistak egiaren aldeko maitasunaz aritzen baitira. Maitasun librea eskubide gisa da Tom Hanksek Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) filmean defendatzen duena, eta koronel batek “estatubatuar gorputz fluidoei dien maitasuna” hondamen nuklear batean amaitzen da ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú (Stanley Kubrick, 1967) filmean.

John Nash zientzialari eta Nobel sariak eta matematikari zion maitasun obsesiboak inspiratu zuten Una mente maravillosa (Ron Howard, 2001), eta galdu denarekiko nostalgia da, bestalde, zinemako distopia handietako baten protagonista: Cuando el destino nos alcance (Richard Fleyscher, 1973). Azkenik, zikloari amaiera emateko, Marrazoa (Steven Spielberg, 1975). Pelikulak jatorrizko bertsioan ikusiko dira, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluekin.

Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egitaraua osorik eskainiko da. Donibane Lohizunen, berriz, Docteur folamour, Un homme d’exception eta Les dents de la mer ikusi ahal izango ditugu.

Zabaldu: