Datorren ikasturtean 91 saio eskainiko dira eta egitasmoa 2023a arte luzatzeko aukera izango da.
Nafarroan Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzeko asmoz sortu zen iaz Musikariak Ikastetxeetan programa. Amaitu berri den 2018-2019 ikasturtean, 88 saio eskaini dira 43 ikastetxeetan. Datorren ikasturterako berriz, 191 saio izango direla iragarri dute, hala eskatzen duten eskoletan. Gainera, ekimena, 2023. urtera arte luzatzeko aukera egongo da.
Programak 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean, musikaren bitartez, euskararen transmisioan laguntzea du helburu. Horretarako, abeslari zein musika sortzaileek ikasgeletara bisitak egiten dituzte eta ikasleei musika ohituren inguruan hitz egiten diete. Horretaz gain, musikariek abestiak zuzenean eskaintzen dituzte eta gaztetxoek izan ditzaketen zalantzak argitzeko galderak luzatzeko aukera ematen da. Besteak beste, “musikari horiekin gertutik hitz egin ahal izatea da programa honek duen garrantzia, luxu bat da ikasle guztiek, desberdintasunik gabe, horretarako aukera izatea”, azaldu du Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak.
Egitasmoan parte hartu nahi duten ikastetxeek irailetik aurrera egin beharko dute eskaera. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak dituzten A eta D ereduko zentroek egin ahalko dute eskaera. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atala arduratuko da programa antolatzeaz.
2019-2020 ikasturtean beraz, 41 musikari gerturatuko dira Nafarroako institutuetara, horien artean: Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Joseba Tapia, La Basu, Mursego, Maite Larburu, Gari edota Mikel Urdangarin.