Fotograma bat (argazkia: Ortzadar Euskal Folklore Elkartea)

‘Nafar Haziak’ dokumentala estreinatuko du Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak ostegunean eta ostiralean, Iruñean

Argentinara egindako bidaia kontatzen da film honetan. Estreinaldia euskaraz ostegunean izango da Iruñeko Golem Baiona zinemetan.

Nafarroako kultura zabaltzeko asmoz, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Argentinara egin zuen bidaia iazko abenduan eta hantxe bizitakoak aste honetan estreinatuko duten Nafar haziak izeneko dokumentalerako jaso zituzten. Hala, Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendozan dauden lau Nafar Etxeetara egindako bisitan dantza, musika eta gastronomia tailerrak eskaintzen ikusiko ditugu nafarrak film honetan, baita hitzaldiak eta dantza emanaldiak ematen ere. Bidaia honek argentinarren eta nafarren arteko loturak sendotzeko balio izan zuela dio lantaldeak, esperientziak partekatzeko, ikasteko eta batez ere dantzatzeko. “Distantzia bada ere, Argentina eta Nafarroaren arteko atxikimendu emozionala bistakoa da. Izan ere, posible al da urruneko kultura bat besarkatzea eta zure egitea? Dokumental honek galdera honi erantzuna bilatuko dio”, azaldu dute elkarteko kideek.

Izaskun Barber De Carlosek eta Rut Etxarte Buezok idatzi eta zuzendutako dokumental hau Iruñeko Golem Baiona zinemetan estreinatuko dute bi emanaldirekin. Lehenengoa urriaren 19an, osteguna, izango da, 20:00etan, euskaraz. Bigarrena, urriaren 20an, ostirala, 20:00etan, gaztelaniaz. Bi emanaldietarako sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da gonbidapenak aldez aurretik eskuratzea. Gonbidapenak Golem Baiona zinemetan egongo dira eskuragarri gaurtik aurrera.

Emanaldietan Barber eta Etxarte zuzendariak, Nora Urtasun eta Ander Zudaire Ortzadar Elkarteko kideak eta proiektuaren koordinatzaileak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izango dira.

Argazki erakusketa

Proiektua, gainera, Arkaitz Zudaire Lopezek Argentinako bidaia berean egindako argazki-erakusketa batekin osatuta dago. Argazki horiekin laster argia ikusiko duen argazki-liburua osatzen ari dira. Argazkiak Golem Baiona zinema-aretoen atondoan egongo dira ikusgai bi egunetan.

Zabaldu: