Aurten, DBHko ikasleak abenduaren 27tik 28ra elkartuko dira, eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 28tik 29ra. Bi taldeek Beintza-Labaienen egingo dute egonaldia. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau oparoa antolatu du haientzat. Izen-ematea internet bidez egin beharko da, eta epea gaurtik abenduaren 6ra arte egongo da zabalik.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Nafarroako Bertso Eskoletako gazteentzako egonaldia antolatu du Nafarroako Bertsozale elkarteak. Bertako kideek azaldu dutenez, “bi txandatan izango dira Bertso Negulekuak, ikasmailaren arabera bereiziak: DBHko ikasleek abenduaren 27tik 28ra bitartean gozatu ahal izango dute egonaldiaz, eta LHkoek, berri, 28tik 29ra. Bi txandak Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxera joango dira eta Nafarroako Bertso Eskoletako irakasleak arituko dira begirale lanetan”.
Nafarroako Bertsozale elkarteak adierazi duenez, “hainbat helburu ditu egitasmo honek, bereziki, herrialdeko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteen arteko harremanak bultzatu eta elkar ezagutzan sakontzea da xede nagusia. Horrekin batera, bertsolaritza eskolako logikatik atera eta aisialdiko eremura eramatea ere da Negulekuen helburuetako bat”. Norabide horretan, bi txandetarako egitarau oparoa antolatu du elkarteak.
Izena eman nahi dutenek gaurtik, azaroak 22, abenduaren 6ra izango dute epea zabalik, eta ondoko galdetegia bete beharko dute horretarako. Prezioa 30 eurokoa izango da.