(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Nafarroako Bertso Negulekuak abenduaren 29tik 30era izango dira, bi txandatan, Legasan eta Arantzan

Aurten, 29tik 30ra elkartuko dira, Lehen Hezkuntzako ikasleak Arantzan eta LH6 eta DBHko ikasleak Legasan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau oparoa antolatu du haientzat. Izen-ematea internet bidez egingo da, eta epea azaroaren 20tik abenduaren 5era bitarte egonen da zabalik.

Azken urteetako ohiturarekin jarraituz, Nafarroako Bertso Eskoletako gazteentzako egonaldia antolatu du bertako Bertsozale Elkarteak. Aurten ere bi txandatan bereiziko dira Bertso Negulekuak, ikasmailaren arabera: LH 6 eta DBHko ikasleek Legasan gozatuko dute egonaldiaz, Kattalin Aterpetxean; LH 3-6koek, berriz, Arantzako Aterpen. Lehen Hezkuntzako 6. mailakoek, eurek aukeratuko dute zein txandetan parte hartuko duten. Bi txandak Abenduaren 29tik 30era izango dira eta Nafarroako Bertso Eskoletako irakasleak ariko dira begirale lanetan.

Nafarroako Bertsozale elkarteak adierazi duenez, “hainbat helburu ditu egitasmoak. Bereziki, herrialdeko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteen arteko harremanak bultzatu eta elkar ezagutzan sakontzea da xede nagusia. Horrekin batera, bertsolaritza eskolako logikatik atera eta aisialdiko eremura eramatea ere da Negulekuen helburuetako bat”. Norabide horretan, bi txandetarako egitarau oparoa antolatu du elkarteak.

Izena eman nahi dutenek gaurtik, azaroak 20, abenduaren 5era izango dute epea zabalik, eta ondoko galdetegia bete beharko dute horretarako. Prezioa 40 eurokoa izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna