Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak disko batean bildu dituzte

Bertso idatziei bultzada emateaz harago, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea du helburu proiektuak, elkarren arteko sarea sendotuz.

Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak biltzen dituen diskoa da. Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatu du egitasmoa eta bi helburu nagusi ditu: batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jaso eta ikusgarri egitea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea. Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektu honen bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea.

Lanak hamalau kanta biltzen ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik. Hori dela eta, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean. Bai plazan era profesionalean, bai aldizkako parte hartzean zein bertso eskoletan jarduten diren emakumeen ahotsak biltzen ditu CD formatuan datorren disko honek; belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako bertsolariak dira partehartzaileak.

“Bertso-sorten edukiari dagokionez, gai librekoak badira ere, ezin uka daiteke genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direnik”, azaldu elkarteak. Hala bada, emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak. Horrez gain, estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pianoa edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak ere, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak, esaterako. Bertsoen konposizioa ere anitza da: koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egiturak erabiltzeraino.

Halaber, bertsolaritzaren historiaren berreskurapenari keinu egin, eta emakumeek izandako parte hartzeari eskertza egingo zaio lan honen bidez: 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolaria, plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat. Diskoko azken kanta berak idatzitako bertso batek osatua da, Estitxu Arozenaren, Txapelketa bat lehendabizi irabazi zuen emakume bertsolariaren ahotsean jarria. Hortaz, Nafarroako aniztasunaren eta historiaren isla dela esan daiteke, betiere bertsoak eta emakumeen ahotsek harilkatzen dutelarik diskoa.

Baliabide pedagogikoa

Diskoa, azken emaitza gisa baino, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazteko eta elkarren arteko sarea sendotzeko tresna gisara baliatzea aurreikusten da.

“Lehenik eta behin, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaltzea da asmoa. Egun, 2.800 ikaslek jasotzen dute urtero bertsolaritza programa Nafarroako hezkuntza sarean, eta 300 inguru ari dira asteroko Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo, bertsogintzaren edukietan trebatzen. Horiek denentzat material baliagarria izan daiteke diskoa, emakume bertsolari garaikide eta bertakoen sorkuntzak, gaiak eta bestelakoak lantzeko”, azaldu dute.

Egitasmoaren aurkezpen publikoa ekainaren 11an eginen da, ostirala, 19:00etan Barañaingo Kultur Plazan. Bertan izango dira diskoan parte hartutako bertsolarietako batzuk; egitasmoaren aurkezpenaz gain, bat-bateko bertso saioa ere eskainiko zaie bertaratutakoei, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien eskutik.

Hortik aurrera, diskoak salgai jarriko dira, Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan eta Iruñeko Karrikirin, Lesakako Arrano tabernan eta Erratzuko Altxuko dendan. Gainera, hainbat bertso saio eskainiko dira Nafarroako herri ezberdinetan, egitasmoaren

Parte hartzaile guztien zerrenda eta bestelako xehetasunak kontsultatzeko, hemen.

Zabaldu: