Nafarroaren Eguna ospatuko dute igandean Baigorrin

Baigorriko eskualdean forma anitzetako euskarazko ekitaldiak eskaintzea: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta du helburu.

Baigorriko Basaizea Elkarteko kideak indartsu ari dira Nafarroaren Eguna antolatzen. Adierazi dutenez, “ez dugu onartuko hilerri bihur zaitezen. Ez, ez dugu gure herria hilerri gisa ikusi nahi! Mugako polizia kontrol zorrotzek anaitasuna baino gorrotoa sortzen duten garai hauetan, euskararen kontrako eraso larriak pairatuz zein gure hizkuntzaren egoera latzari aurre eginez, elkargune eta arnasgune beharretan garela sinetsiak gara. Gure hizkuntza mintzatu nahi dugun herria gara, hezurdura bat behar duen hizkuntzak hatsa har dezan, eman diezaiogun bizitzeko leku seguru bat. Etxebizitzaren garestitze ikaragarriak ere herri honetan bizitzeko zailtasun handiak sortzen dizkigu non prezioen goratzeak behartzen gaituen herritik kanpo bizitzen. Kultura hegemonikoen erreferenteek ere geroz eta eragin handiago duten garai hauetan, erein eta loratu ditzagun mugaz bi aldeetako sorkuntza kulturalak, haien zabalkundea sustengatuz!”.

Aurtengo Nafarroaren Eguna, igandean, hilak 30, izango da eta egitarau oparoa antolatu dute Basaizekoek:

Gaineko Plaza
09:00etan merkatua elizako plazan eta ikastolako askaria.

11:00etan desfilea behereko plazatik gaineko plazarat Ortzaizeko kabalkada, Beasain, Irurtzun eta Leitzako dantza taldeekin, Makilariak, Nafarroako & Baigorriko ziganteak, Trikitilariak, txistulariak, gaiteroak eta Basaldunak Txarangak: Uztaritzeko txaranga, Ezpela & Kuxkuxtu.

11:30ean ekitaldia elizako plazan.
12:00etan Bas’hitza eta Irrintzina.
13:00etan Larrain dantza & Jauziak.
14:00etan ikastolako bazkaria Plaza Xokon.

Herriko etxe aitzina
Arratsaldean berriz, Haurren xokoa: puzgarriak, egurrezko jokoak, animazioak, aurpegi tindaketa, Pontx pailazoa 16:00etan.
14:00etan Rakatapunk elektrotxaranga.
17:00etan Broken Brothers Brass Band.
19:00etan Larrain dantza eta dantza.
20:00etan Taberna ibiltaria.

Behereko plaza
15:00etan bertso saioa: Aitor Etxebarriazarraga, Joanes Ilarregi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal. (familien xokoan).
16:30ean dantza ikusgarria.
17:30ean Kiki Bordatxo.
19:30ean Janus Lester.
21:00etan Willis Drummond.
23:00etan Dupla.
01:00etan DJ Üzkülüz.

Antolakuntzak argi utzi du Nafarroaren Eguna denentzako leku segurua izatea nahi duela eta ez dutela inolako erasorik onartuko. “Izan eraso fisiko ala moralak, behar diren baliabideak ezarriko dira horiek saihesteko eta zerbait gertatuko balitz, berehalako neurriak hartuko dira erasoari erantzuteko. Iaz gertatutakoa berriz ere salatzen dugu eta ez dugu onartuko aurten ere, horrelako gertakari batek egun honen dirdira ilundu dezan. Elkar zainduz, denen ardura da Nafarroaren Eguna, egun polita eta denen errespetuarekin izan dadin!”.

Informazioa, hemen.

Zabaldu: