(argazkia: Kultur Sharea)

Arantxa Urretabizkaia idazleak irabazi du iazko 111 Akademiaren Saria

Pertsona nagusiak dira eleberri honetarako idazleak aukeratu dituen protagonistak, nahiz eta liburua ez den zahartzaroaren gainekoa.

111 Akademiak Arantxa Urretabizkaiari (Donostia, 1947) emango dio 2022ko 111 Akademiaren Saria. Akademiako kideek Urretabizkaiaren Azken etxea eleberria izendatu dute iazko libururik gogokoen. 212 akademia-kide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 114k parte hartu dute 2022ko sariduna izendatzeko 2023ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa saiakera izan du lehiakide azken bueltan.

111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du ekaineko bigarren astean.

Azken etxea

Pertsona nagusiak dira eleberri honetarako Urretabizkaiak aukeratu dituen protagonistak, nahiz eta liburua ez den zahartzaroaren gainekoa.

Dagoeneko bost urte igaro dira idazleak Bidean ikasia, bere azken eleberria, kaleratu zuenetik eta denbora horretan luzaroan ibili da zeri ekin ez zekiela, “halako batean, egunerokotasunak eman zidan arrastoa, askotan gertatzen zait hori”, kontatu du. Izan ere, egunerokotasunak pisu handia du Urretabizkaiarentzat, bai bere bizitzan eta baita lanean ere. “Lagun bati galdetu nion elkarren lagun bati buruz eta esan zidan azken etxearen bila ari zela. Horrekin txinparta bat piztu zitzaidan, txinparta horrek su txiki bat, eta hari horri tiraka, bizitzaren azken atalean dagoen hainbat pertsonaiaren bizitza kontatzen ahalegindu naiz”.

Liburuko protagonistak Hendaia aldeko etxe bat begiz jo du, eta harekin tematu da. Bilaketa horretan iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, elkar zelatatuko duten auzokideen giroan.

Zahartzaroaren estereotipoekin apurtzen duten pertsonak dira liburuko pertsonaiak. Egileak nabarmendu duenez, “ez dira pertsona tradizionalak, ez dute bizimodu tradizional bat izan eta protagonistak azken etxe horren bila egingo dituen edo emango dituen pausoak ere ez dira tradizionalak izango”.

Urretabizkaiak fikzioa erabili du liburua ontzeko, “ez dago autobiografiarik, eta ez dago hausnarketarik, zuzenean behintzat”.

Zabaldu: