(argazkia: Zinegoak)

Naizen eta Zinegoak elkarteek ZiNaizen ikus-entzunezko edukien lehiaketa aurkeztu dute

Lehiaketak zinean trans haurren erreferentziak sortzea izango du helburu. Aurkezten diren lanek gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute eta aurkezteko epea 2025eko apirilean amaituko da. Saria 1.000 eurokoa izango da eta lan irabazlea hurrengo urteko Zinegoakeko itxiera ekitaldian proiektatuko da.

Naizen eta Zinegoak elkarteek ZiNaizen ikus-entzunezko edukien lehiaketaren lehen edizioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpena Zinegoakeko ZG PRO jardunaldi profesionalen barruan egin da, eta prentsaurrekoan Bea Sever (Naizen), Alaitz Arenzana eta Pau Guillen (Zinegoak) izan dira.

Bi erakundeek nabarmendu duten bezala, lehiaketak trans haurtzaroei buruzko erreferentzia gehiago sortu nahi ditu. “Ikuspegi berri positiboak, anitzagoak eta jatorri desberdinetakoak. Formatua ere askotarikoa izan daiteke, aretoan, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan ikusiak izateko, hori baita gazteenek ikus-entzunezkoetara jotzeko duten gune nagusia”.

Azaldu dutenez, “lanek ezingo dute hiru minutu baino gehiago iraun, eta aurkezteko epea 2025eko apirilera arte egongo da zabalik. Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, bideoblog, mikrodokumental, fikzio edo animazio formatuetan. Saria 1.000 eurokoa izango da eta lan irabazlea Zinegoak jaialdiaren 2025eko Itxiera Ekitaldian proiektatuko da.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “trans ahotsak entzun nahi ditugu eta mundua haien begietatik ikusi. ZiNaizen programarekin, zinemaren bidez hausnarketa, elkarrizketa eta adierazpena uztartuko dituen espazio bat sortu nahi dugu. Trans haurtzaroekiko errespetua eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditugu”. Gainera, sormena eta talentua bultzatu nahi dutela nabarmendu dute, “gai horiei modu zirraragarri eta originalean heltzera animatuz”.

Lehiaketan aurkeztuko diren obretan landu daitezkeen gaiak honako hauek izango dira, besteak beste: trans pertsonek haurtzaroan eta nerabezaroan izan dituzten esperientziak, familia, eskola, osasuna, harremanak edota aisialdian; zerbitzuak eta baliabideak (arreta medikoa, hezkuntza edo kirola) eskuratzeko dituzten oztopoak; benetako nortasuna islatzen duten legezko agiriak lortzeko zailtasunak; berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka, eta abar.

Oinarri osoak Naizeneko eta Zinegoakeko webguneetan kontsulta daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna