Maitasun keinu bat besterik ez izeneko saiakera argitaratu du Hasier Arraizek (Gasteiz, 1973) Erein argitaletxearen eskutik.
Gasteizko idazleak duela hiru urte utzi zuen politikako lehen lerroa eta beste hainbat konturen artean, idazten ibili da. Horren emaitza dugu eskuartean dugun Maitasun keinu bat besterik ez izeneko saiakera. “Politikan nengoenean ere, literatura nire babesgune pertsonala izan zen, egunerokotasun politiko horretatik aldentzeko bide bat”. Arraizentzat bai politika, eta bai literatura pasio bat izan dira betidanik, “nire bi pasiotako batean eten bat egon zenean, politikarena, hain zuzen ere, beste pasio hori garatzeko aukera ikusi nuen”.
Saiakeraren izenburua Kirmen Uriberen poema batean oinarrituta dago, izan ere, euskaraz sortutako kulturari maitasun keinu bat da, baina ez da, poemak dion bezala, “promesik edo damurik duen keinu bat, baizik eta aurrerantz begiratu nahi duen maitasun keinua”. Hortik dator ere liburuaren ideia. “Aurrekoek egindako guztiagatik, honaino heldu garela iruditzen zait”.
Liburuan politika eta literatura elkar gurutzatzen diren arren, Arraizek bi zatitan banatu du lana; alde batetik bere belaunaldiko euskal idazleen lanak aztertu ditu, “euskal narratiba garaikidean oso une oparoan eta onean gaude, aurreko guztiek idazten eta argitaratzen jarraitzen dutelako, eta beste batzuk nabarmentzeko belaunaldi bat osatzen dutelako”. Horixe bera da, hain zuzen ere, Arraizen belaunaldia, 70. hamarkadan eta 80. hamarkadaren hasieran jaiotako idazleena: “Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Ixiar Rozas, Kirmen Uribe… belaunaldi honek bidea irekitzen dio atzetik datozenei”. Bere aburuz gainera, “euskal ikuspegi batetik, belaunaldi literario honen ekarpen nagusia da topatu duen paradigma literarioa auzitan eta eraldatzen ari dela”. Arraizentzat paradigma literario hori postmodernismoa izango litzateke, neoliberalismoa ulertarazten saiatu den korrontea, alegia, eta belaunaldi horretako idazle horiek, munduan beste batzuk bezala, zalantzan jartzen ari dira errealitate hori, hain zuzen ere, mundua bera aldatzen ari delako. Saiakera honekin “askatasuna eman diot nire buruari hau guztia aztertzeko”, aitortu du.
Bigarren zatian berriz, proposamenak biltzen ditu egileak, “filosofia politikoa hor dago eta ez dut ukatuko nire espazio sozio politikotik egiten ditudala ekarpen hauek”. Zentzu horretan, Arraizek euskal nazio gisa ulertu duguna, beste modu baten kontatzea planteatzen du, “kontakizun berriak sortu behar ditugu”. Lehenengo eta behin, hainbeste aldatzen ari den mundu honetan, gure tokia bilatzea planteatzen du idazleak, “euskal ikuspegi batetik adierazi behar dugu mundu hau eta bide horretan ezin diogu gure iraganari bizkarra eman. Denok dakigu hemen gertatutako indarkeriek zubi pilo bat hautsi dutela eta pentsatzen dut autokritika eta enpatia tresna nagusiak izan behar direla zubi horiek berriro eraikitzeko eta euskal komunitatea osatzen hasteko. Gerraren ilogika horretan egon garen guztiok egin behar dugu autokritika. Zentzu horretan gainera, narratibak bere zeregina duela uste dut”.
Argazkia eta bideoa: Erein.eus atariaren bidez