(argazkia: EKE)

Nekatoenea egonaldian parte hartzeko deialdia zabalik

Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Nekatoenea baserrian egonaldi berri bat antolatu dute. Interesa duten euskal idazleek ekainaren 15era arte izango dute izena emateko epea zabalik. 

Hamaikagarren aldiz, Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak Nekatoenea baserrian egonaldi bat antolatuko dute Euskal Herriko idazleentzat. Pasa den urtean Abbadiako eremuan egonaldia egiteko Nahia Zubeldia itzultzaile eta musikari ziburutarra hautatu zuten. Oraingoan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete maiatzaren 31 baino lehen helbide honetan: jfrahier@hendaye.com.

2020an gertatu zen bezala, aurten ere hiru partaide sortzaileek Getariako Elkano Fundazioaren partaidetzaren gainean kontatzen ahalko dute gainera. Horrela, hamaikagarren edizio hau, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua nabarmentzeko aukera izango da berriz ere munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara.

Hala, deialdia euskaraz idazten duten idazleei zuzentzen bazaie ere, literatura sorkuntzak Juan Sebastian Elkanoren pertsonaiarekin lotua den gai bat edo gehiago jorratu beharko ditu: nabigazioa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, ontzigintza eta abar. Bestalde, publiko gazteari zuzendutako proposamenak “begi onez ikusiak izanen dira” adierazi dute antolatzaileek. Partaide diren lau egituretako ordezkari banaz osatutako epaimahai batek egingo du hautaketa aurkeztutako egitasmoen artean.

Kultur erakundeek prestatzen duten egonaldia 2021eko urritik abendura bitartean izango da eta idazleari hilabete baterako 1.500 euroko beka emango diote. Egonaldia bukatu ondoren, Hendaian eta Getarian topaketak antolatuko dira idazlearekin.

 

Zabaldu: