Nerea Erbiti (argazkia: Donostiako Orfeoia)

Nerea Erbiti, Arturo Reverter eta Benito Lertxundi saritu dituzte Donostiako Orfeoiak eta EHUk

Sari-banaketa ekitaldia uztailaren 10ean izango da Donostiako Miramar Jauregian, EHUko Udako Ikastaroen barruan.

Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostiako Orfeoia-EHUren XXV. saria ospatzeko ekitaldia egingo dute uztailaren 10ean, ostiralarekin, 17:00tan, Miramar Jauregian, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Sari hau ikerketa, hezkuntza eta musika koralaren sustapena bultzatzeko erreferente gisa finkatu da.

Nerea Erbiti Larralde ikertzailea ‘Musika ikerketa sustatu eta bultzatu’ kategorian saritu dute aurtengo edizioan, Afinazio neutroa euskal kantu monodikoetan: Lehen Mundu Gerra garaian (1916-1917) Alemanian euskal presoei egindako grabazioen azterketa, euskal musika-ondarearen ezagutzan sakontzen duen eta ikuspegi historiko eta analitiko batetik egindako lanagatik. Halaber, epaimahaiak Arturo Reverter musika kritikariaren eta Benito Lertxundi kantariaren ibilbidea goraipatu du, musikaren garapenari eta hedapenari egindako ekarpen jarraitua aitortuz.

Sariak banatu aurretik, mahai-inguru bat egingo da, sariaren bilakaerari eta eraginari buruz hausnartu ahal izateko. Bertan parte hartuko dute Jose Luis de la Cuesta sariaren bultzatzaile eta epaimahaikideek, eta Eli Arabaolaza, Gotzon Ibarretxe eta Mª Victoria Urruzola aurreko sarituek. Moderatzailea Jon Bagües izango da, Eresbileko zuzendari ohia eta Donostiako Orfeoiko Zuzendaritza Batzordeko kidea. Ekitaldiari amaiera emateko, Donostiako Orfeoiaren emanaldi batek bere errepertorio tradizionaleko obrak kantatuko ditu.

Sari-banaketa ekitaldia doan izango da edukiera bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da. Antxon Elosegi Donostiako Orfeoiko lehendakaria eta Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea izango dira ekitaldiko buru.

Donostiako Orfeoiak azaldu duenez, “saria sortu zenetik, musika-ikerketa sustatzeko tresna estrategikoa da, batez ere abesbatzen esparruan eta musika ezagutzaren eta praktikaren garapenean modu esanguratsuan lagundu duten ibilbideak azpimarratzeko. Hogeita bosgarren edizioak unibertsitatearen, sorkuntza artistikoaren eta gizartearen arteko topagune gisa betetzen duen eginkizuna berresten du”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna