Larunbatean jokatu zen finalean, Begoña Iturrizak izan zuen Nerea Ibarzabali txapela jartzeko ardura, entzuleen txalo artean; Jone Uria algortarrarekin jokatu zuen buruz-burukoa txapeldunak.
Larunbatean jokatu zen 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala eta Bilbao Arena jendez lepo egon zen. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arabera, 4.400dik gora zale bildu ziren bertan, zortzi bertsolarien lanari adi.
Hala, zortzi bertsolariek hainbat ariketa egin behar izan zituzten. Lehenengo atala amaitu zenean, Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek lortu zuten puntu gehien batzea eta eurek kantatu zuten buruz-burukoan. Azkenean, Nerea Ibarzabal markinarrak jantzi zuen txapela Begoña Iturriza Zabalaren eskutik.
Horrela geratu zen larunbateko sailkapena: Nerea Ibarzabal Salegi (1.036,5 puntu), Jone Uria Albizuri (1.029,5 puntu), Xabat Galletebeitia Abaroa (616,5 puntu), Gorka Pagonabarraga Agorria (609 puntu), Onintza Enbeita Maguregi (607 puntu), Oihana Bartra Arenas (606,5 puntu), Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (556,5 puntu) eta Aissa Intxausti Aburruza (550 puntu).
Gai-jartzaile beharretan Zihara Enbeita Gardoki eta Beñat Vidal Gurrutxaga ibili ziren. Epaileak, ostera, hurrengoak izan ziren: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan, berriz, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.