Estibaliz Urresolaren '20.000 erle espezie' filma

New York hiriak euskal emakume zinemagileen lanari ateak irekiko dizkio

Etxepare Euskal Institutuak eta EAEren AEBko ordezkaritzak antolatuta, NYC Basque Film Festivalek azken urteetako hiru euskal film aurkeztuko ditu New Yorken urriaren 25etik 27ra.

New Yorkek euskal zinemari ateak zabalduko dizkio hainbat jardueren bitartez. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako bi ekitaldik bat egingo dute New Yorken euskal emakumeen zinemagileen lana aztertu eta zabaltzeko helburuz. Hala, lau egunez, CUNY Graduate Center eta Village East by Angelika zinema-aretoa New Yorkeko euskal komunitateko kideen eta euskara, euskal kultura eta euskal zinea gertutik ezagutzeko interesa duten tokiko hiritarren topagune bihurtuko dira.

Etxepare Euskal Institututuak CUNY Universityn sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedraren mintegi programazioa urriaren 23tik 27ra egingo da, zeinetan, emakume zinemagileen lanaren inguruko hainbat hitzaldi, irakurketa, eskola eta proiekzio egingo diren.

Katedraren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta 2017tik urtero New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak. Maria Pilar Rodriguez, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlari eta Euskadiko Filmategiak egindako Euskal emakume zinemagileak argitalpenaren koordinatzailea, da aurtengo katedraren ikerlari gonbidatua. Euskal emakume zinemagileen historia, ezaugarriak eta baldintzak eta haien ekoizpenetan landu dituzten gaien inguruan hausnarketa bideratuko du programa zabal batean.

Katedraren aurtengo programaren helburu nagusia euskal zinematografia aztertzea da, emakume zuzendariek genero eta formatu ezberdinetan egindako lanetan oinarrituz (film luzeak, film laburrak eta dokumentalak), ondoren lan artistiko hauen bilaketa akademiko eta dibulgatzailea egiteko. New York Film Festivalen aukeraketarekin bat eginez, Estibaliz Urresola, Alauda Ruiz de Azua, Berta Gaztelumendi eta Rosa Zufia zinemagileen azken filmak eredu bezala erabiliko dira azken urteko euskal zinema eta emakume zinemagileek egindako lana aztertzeko.

Hauek dira filmak: Urresolaren 20.000 erle espezie (2022), Ruiz de Azuaren Cinco Lobitos (2022) eta Gaztelumendiren eta Zufiaren Arnasa betean: emakume zinegileak.

Zabaldu: