'Nire ama antzara' Miramonen (2026-2-10) (argazkia: Juantxo Egaña - Euskadiko Orkestra)

‘Nire ama antzara’ haurrentzako ikuskizuna taularatuko dute egunotan Donostian

Euskadiko Orkestraren Musika Gela zikloan ondutako proposamenak hitzen ordez irudiak jarriko ditu zuzeneko musika duen itzal-antzerki batean, eta haur bakoitzaren esku utziko du kontakizunak norbere iruditerian berreraikitzeko lana.

Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren 25/26 denboraldiko bigarren programa aste honetan eta hurrengoan egingo da, ia 30 udalerritako 2.200 ikasle baino gehiagori zuzendutako Eskola Kontzertu ugarirekin. Gainera, bi Musika Familian kontzertu programatu dira larunbat honetan Miramonen, eta otsailaren 1ean familiei zuzendutako beste bi kontzertu ere eman ziren Gasteizko Garcia Lorca Antzokian.

Euskadiko Orkestrak azaldu duenez, “Maurice Ravelek Ma mère l’oye lana (‘Nire ama antzara’ euskaraz) lagun batzuen seme-alabentzat idatzi zuen. Haurrentzako bost pieza azpitituluarekin, lan hau Charles Perrault idazlearen ipuinetan oinarritzen da. Elementu horietatik abiatuta, gure proposamenak hitzen ordez irudiak jarriko ditu zuzeneko musika duen itzal-antzerki batean, eta haur bakoitzaren esku utziko du kontakizunak norbere iruditerian berreraikitzeko lana”.

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako haize-boskote batek interpretatuko du lan hau: Oihana Kontxeso (flauta), Oscar Diago (oboea), Luis Camara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Marianne Tauzin (tronpa). Marta Bocosek emango dio bizia itzal-antzerkiari, eta bera izan da gida didaktikoaren egilea, baita gidoiarena ere, Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadaren jatorrizko ideian oinarrituta.

3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Familian kontzertuak izango dira larunbatean, otsailak 14, 11:00etan eta 12:30ean Miramonen. “Bigarrena saio lasaia izango da; saio lasaiak familia guztientzat daude irekita, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familientzat zein halako kiderik ez dutenentzat”, zehaztu dute.

Sarrerak Euskadiko Orkestraren webgunean eta Kursaaleko leihatilan eros daitezke, baita Miramongo leihatilan ere kontzertu-egunean, baldin eta lekurik badago.

Zabaldu:

Utzi erantzuna